Poltsa konpostagarriak banatzen dituzten saltokietan aldaketak iragarri ditu mankomunitateak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 6a, 20:41

Azpeitian, guztira bost saltokitan eskuratu ahalko dira aurrerantzean hondakin organikoak bereizteko beharrezkoak diren poltsak.

Urola Erdiko Mankomunitateak aldaketak iragarri ditu bailarako herrietan poltsa konpostagarriak banatzeko saltokietan. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan poltsa konpostagarriak banatu nahi zituzten saltokien kanpaina jarri zuen abian urte hasieran, eta izena eman zutenen artean, 11 saltoki hautatu ditu mankomunitateak.

Saltoki horietatik bost Azpeitian daude. Aurrerantzean, beraz, herriko toki hauetan eskuratu ahalko dira hondakin organikoak bereizteko beharrezkoak diren poltsak, doan: Babesa arropadenda (Urbitarte, 9), Itzira gozotegia (Artzubia, 24), Xiriako kafetegia (Done Jakue kalea, 12), Inar optika (Jose Artetxe kalea, 10) eta Urrestillako estankoa.