Askotariko emanaldiak izango dira Azpeitia Dantzanen lehenengo asteburuan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 6a, 13:16

Gaur hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa, eta doinu brasildarrek hartuko dute herriko plaza, Capoeira Senzala Euskadi taldeko kideek Capoeira emanaldia eskainiko baitute. Bihar, Itsasi dantza taldeak eskainiko du saioa, eta igandean Jose Mari Orbegozo eta bere ikasleak igoko dira Soreasuko oholtzara.

Gaur hasiko da Azpeitiko Udalak eta herriko eragileek antolatu duten Azpeitia Dantzan egitasmoa, eta lehenengo asteburuan hiru emanaldi eskainiko dituzte herriko hainbat txokotan. Brasilgo doinuekin ekingo diote egitasmoari, eta 19:00etan, Capoeira Senzala Euskadi taldeko kideek Capoeira emanaldia eskainiko dute plazan, "musika eta inprobisazioa" uztartuz.

Bihar, berriz, Itsasi dantza taldeak hartuko du Azpeitia Dantzanen lekukoa. 19:00etan, dantza tradizionalak zein abesti berriekin sortutako koreografiak taularatuko dituzte Soreasu antzokian. Asteburuko azken emanaldia, berriz, Jose Mari Orbegozo eta bere ikasleek eskainiko dute, eta areto dantzez gozatzeko aukera izango dute 20:00etan Soreasura gerturatzen direnek. 

Hurrengo asteburuan jarraituko du Azpeitia Dantzan egitasmoak, eta askotariko emanaldiak izango dira orduan ere; hala nola, Sanagustin dantzaleku bihurtuko dute hilaren 13an, eta Sahatsa dantza taldearen ikuskizuna, erromeriak eta dantza jauziak egingo dituzte hurrengo egunean.