Herri hezitzaileen kontzeptuaz eta kulturgintzaz hausnarketa bultzatzen duen ikastaroa antolatu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 5a, 17:36
Herri hezitzailearekin bat egin duten hainbat eragile.

EHUko Udako ikastaroen barruan eskainiko dituzte saioak, eta, besteak beste, "gure herrietan garatzen den hezkuntzaz, balioaz, kultur transmisioaz eta sormenaz hausnartzea" izango da helburua. Uztailaren 16an eta 17an izango da ikastaroa, Donostiako Miramar Jauregian, eta bertan parte hartuko dute hainbat azpeitiarrek. 

Herriak eta kaleak gizarteak eraikitzeko plazak. Herri hezitzaileak eta kulturgintzaren transmisioa Euskal Herrian ikastaroa eskainiko dute EHUko Udako Ikastaroetan, Azpeitiko Udalak antolatuta. Ikastaroaren helburua, besteak beste, "gure herrietan garatzen den hezkuntzaz, balioaz, kultur transmisioaz eta sormenaz hausnartzea" da. Uztailaren 16an eta 17an eskainiko dute ikastaroa, Donostiako Miramar Jauregian. Euskaraz izango da, eta guztira 20 ordu iraungo du. Ikastaroko matrikula webgune honen bidez egin daiteke. 

Uztailaren 16an, 09:00etatik 13:30 arte eta 16:00etatik 18:00etara izango da ikastaroa. Saioa, besteak beste, Lorea Agirre HUHEZIko irakasleak eta Joxe Mari Auzmendi HIK HASIko kordinatzaileek gidatuko dute. Bazkal ondoren, aldiz, Zertan ari gara eta nora goaz mahai ingurua egingo dute ikastaroan izena ematen dutenek; bertan, Joxe Garmendia EHUko irakaslea izango da moderatzaile lanetan, eta parte hartuko du, beste hainbat lagunekin batera, Leire Goenaga  Azpeitiko Udaleko zinegotziak. 

Uztailaren 17an bezperako ordu berean hasiko da ikastaroa, eta 14:00etan amaituko da. Gotzon Barandiaran idazlea eta EHUko irakaslea den Iratxe Retolaza arituko dira kulturaren arloko gaiei buruz hizketan. 12:15ean Zein da erakunde publikoen eta herri mugimenduetatik sortutako erakundeen egitekoa kulturgintzan? mahai ingurua egingo dute, eta bertan parte hartuko du, beste solaskide batzuekin batera, Josu Labaka Azpeitiko zinegotziak.