Ainara Epelde: "Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait"

Argia 2018ko uzt. 5a, 14:28
Ainara Epelde. (Dani Blanco)

Ziklismo munduan ari da laguntzaile lanean (soigneur). Mediku izan gabe ere, sendalari da, sasimediku, entrenatzaile, zaintzaile… Fisioterapia eta Kirol Zientziak ikasitakoa, goi mailako txirrindulariez arduratzen da, talde profesionaletan. Miel Anjel Elustondo kazetariak Argiarako elkarrizketatu du Ainara Epelde (Azpeitia, 1991).

Saskibaloi jokalaria izana, Fisioterapia eta Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak ikasia, 2014an sartu zinen txirrindularitza profesionalaren munduan.

Bai. Artean, ahizpa [Mireia Epelde] txirrindulari ari zen, eta Espainiako selekzioan masajista egokitu zitzaiona, Josue Aran, Trek taldeko masajista zen aldi berean. Mireiak Josueri esan zion ea egunen batean eramango ninduen lasterketaren batera, eta horrela hasi nintzen. Betitik ezagutzen dut txirrindularitza mundua, ahizpari segika ibiltzen nintzen-eta, taldeko zuzendarien autoan sartuta, askotan. Ikasketetako azken urtean, berriz, lau hilabeteko praktikaldia egin behar, eta Trek taldean egin nuen. Kirolari baten segimendua egitea zen helburua, eta Haimar Zubeldiarena egin nuen. Eskumuturretik operatu berria zen Haimar, eta nire lana izan zen ziklisten entrenamenduak ikustea ez ezik, Haimarren jarraipen zehatza egitea. Bestalde, egunero bizpahiru ziklistari masajeak eman behar izaten nizkien; tartean, Haimarri, haren eskumuturreko lesioa nola sendatzen ari zen aztertuz. Primeran egon nintzen. Entrenamendu garaia zen, giroa lasaia zen, ez zen lasterketa bateko egoera larria.

Zer moduz Haimar Zubeldiarekin?

Oso ondo, oso mutil sanoa da… Markel Irizarrekin ere izan nintzen. Hau ere oso jatorra. Oso diferenteak dira, baina primeran osatzen dute elkar.

Euskaraz aritzen zineten?

Akabo, bada!

Murias taldean lan egin zenuen gero, bi urtez.

Bai, iaz arte. Kontaktu kontua da. Curriculuma, esaten dute, baina askok ez diote curriculumari begiratzen. Nonbaiten ondo lan egin baduzu, nahikoa da baten batek behar den lekuan esatea: "Treken lau hilabetean egon da praktikak egiten, balio du". Horrelaxe izan zen Muriasen kasuan. Jakin zuten Trekekin praktikak egin nituela, ikasketak bukatu berria nintzela, euskalduna, fisioterapeuta… eta kasu egin zidaten. Nik txirrindularitza munduan egin nahi nuen lan, aukera etorri zitzaidan, eta halaxe.

Txirrindularitza zalea zaitugu?

Txirrindularitza giroa gustatzen zait. Kirola biltzen duen zera hori. Telebistan ikustea gustatzen zait, bai, baina telebistan ikustekotan, nahiago ditut beste kirol batzuk. Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait. Surfak ere badu bizi tipo hori. Hemendik hara eta handik hona bizi, nomada… Orain momentuan gustatu egiten zait bizimodu hori. Ziklismo munduan ikusten ditut batzuk lanean, gurasoak dira, edo familia dute, 40 urtetik gora dituzte. Horretan ez, nik ez dut ikusten nire burua 40 urterekin ziklismoan lanean. Egur handia iruditzen zait, egun asko kanpoan, eta kanpoko egunetan lan asko egiten da, ekipoaren mende bizi zara eguneko 24 orduetan, beraiekin batera egiten duzu lo, besterentzako bizi zara eguneko 24 orduetan. Beharbada, astean behin, edo bitan, korrika egiteko tartea izango duzu. Bizimodu gogorra da, baina gustatzen zaidan bizia. Bizi berezi bat da.

Elkarrizketa osoa Argiaren webgunean irakur daiteke.