Hasitako tokian bukatu

Uztarria.eus 2018ko uzt. 5a, 13:24
Alaitz Olaizola, Idoia Uranga eta Gurutze Eizmendi azken aldiz 'Greban gaude!' antzezlana egin ondoren, Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga)

Hamabost urte eta gero, Greban gaude! antzezlanari agur esan dio Lakrikunek. Ia ehun plaza egin ditu taldeak obrarekin, eta atzera begira jarri zituen Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga taldekideak Nerea Uranga kazetariak, ekaineko Uztarria aldizkarian.

Greba aldarrikatuz aurreko mantalak oholtza gainera atera zituzten. Ez zen joan zen martxoaren 8a, ez. Izan zitekeen lasai asko, baina 2003ko maiatzaren bukaeran estreinatu zuten Greban gaude! antzezlana, Betharrameko aretoan. Emakumeentzako ikastaroen bukaerako jaian egin zuten lehenengo aldiz. Espreski ordurako gorpuztu zuten hiru garbitzaileren istorioak kontatzen dituen antzerkia Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975), Gurutze Eizmendik (Azkoitia, 1968) eta Idoia Urangak (Azkoitia, 1972). "Orduan ni Emakume Mahaiko partaide ere banintzen, eta han sortu zen proposamena: 'Lakrikun antzerki taldeko emakumeok zergatik ez duzue obra bat sortzen ikasturte bukaerako jaialdirako?'. Gurutze, Idoia eta hirurok animatu ginen, eta halaxe hasi ginen", gogoratu du Olaizolak. Artean, Emakumeen Txokoa eta Jabetze Eskolak sortu gabe zeuden herrian, eta Lakrikun antzerki taldeak ere lokal propiorik ez zuen.

Hiru aktoreak elkartu ziren, eta emakumeekin zerikusia zuten gaiekin prestatu zuten antzezlana. "Jendeak kontatutako bizipenetatik abiatuta istorio batzuk geureganatu genituen, eta horiekin osatu genuen obra. Di-da sortu genuen, denbora asko pasatu gabe". Hiru pertsonaia ere sortu zituzten: Arantxa, Jaione eta Elena. "Hirurek oso izaera desberdina dute, istorioak jarraipen bat izan zezan sortu genituen era horretakoak", azaldu du Eizmendik. Esketxekin osatutako lan bizi-bizia eta aldarrikapenez betea egin zuten, eta gainera, elkarrizketetan noka baliatu zuten.

Emanaldi bakarrerako izan behar zuen lanak, ordea, estreinalditik arrakasta izan zuen. "Asko gustatu zen, eta jendeak obrarekin segitzera animatu gintuen, oso ondo pasatu zutelako", dio Eizmendik. Herriren batean antzeztu ondoren, 2004ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan aurkeztu zuten. Soreasu antzokian 350 pertsona inguru bildu ziren antzezlana ikusten, eta, gainera, Ikusleen Saria jaso zuten. "Soreasun jende asko elkartu zen, eta saria guretzako bultzada handia izan zen, obra gustatu zela berretsi genuen". Artean hasieran zeuden, baina ikus-entzuleek obra gustuko zutenaren jakitun ziren Lakrikuneko hiru aktoreak. "'Hau da gure aukera!', pentsatu genuen. Herriz herri eskaintzeko indarra eman zigun jasotako harrera onak", gogoratu du Urangak.

Urte hauetan guztietan moldaketak izan ditu obrak, batzuk bat-batekoak, baina baita halabeharrez egindakoak ere. Behin, Orexara joan ziren Greban gaude! antzeztera eta esketx berri bat sortuta etxeratu ziren. "Orexara iritsi eta udaletxe azpian zegoen tabernara sartu ginen zerbait hartzera, herritar bat hilzorian zegoela kontatu ziguten. Guk, berriz, esketx bat beilatoki batean gertatzen zela esan genien. Arren, zati hori ez antzezteko eskatu ziguten, herriko jendea oso penatuta zegoelako. 40 minutu-edo faltako ziren antzerkiaren ordurako". Hamar minutuan beste istorio bat sortu, bi aldiz entseatu eta beilatokiko esketxaren tokian antzeztu zuten. "Funtzionatu egin zuen, eta sortu berri genuen hura antzezlanari gehitu genion. Horrek dezente luzatu zuen obra".

Harrezkero, "ehun plaza ez, baina 80tik gora" egin dituzte. Frontoietan, antzokietan, antzoki txiki-txikietan, tabernetan, lurrean... hamaika toki izan dute antzeztoki. Herri txikietan eta handietan eman dute Greban gaude!.

Beste bi obrarekin ere luzatu dute hamabost urteotan Greban gaude!-ren soka, trilogia bat osatuz: Prest gaude! (2009ko azaroaren 21ean, Izarraitz frontoian estreinatua) eta Non gaude? (2014ko azaroaren 8an, Soreasun estreinatua). Egun, bi antzezlan horiekin dabiltza herriz herri.

Bide luzea egiteko

Hamabost urte eta gero, Greban gaude! obrarekin bukatu dute. "Gauza denek dute hasiera eta bukaera", diote. Eta, abiapuntua bera nahi izan dute bukaera izatea; horregatik, azkeneko aldiz Emakumeen Jabetze Eskolen ikasturte bukaerako jaialdian egin zuten, joan den maiatzaren 18an. "Obraren izenburua irakurrita, oraingo-oraingoa dela dirudi, baina kontu batzuk zaharkituta gelditu dira; esaterako, hegazti gripea. Obraren sorreran puri-purian zegoen gaia zen, baina gaur egun ez gara akordatzen gaitz horrekin. Obra aldatzea aukera bat zen, baina horrela sortu zen, horrela izan da eta bere horretan utzi behar da". Esketxak, elkarrizketak, pertsonaiak, aktoreak eta atrezzoa hasiera-hasierakoak mantendu dituzte. Dena den, obrak berak luzeran eboluzio bat izan du: "45 minutu zituela estreinatu genuen, eta ordu eta hogei minutu dituela bukatu da".

Hasiera bezain "emozionantea" izan du Greban gaude!-k bukaera. Hamabost urteotan bidelagun izan dituztenak gogoan izan dituzte: "Teknikoak eta bestelako hainbat kontutan lagundu diguten guztiak eskertu beharrean gaude". Emakume gisa aldarrikapen batzuk oholtzaratu zituzten, baina oraindik horiek gauzatzeko bide luzea dago egiteko. "Guk horretan jarraituko dugu". Azken emanaldia "gora emakumeen borroka!" esanaz agurtu zuten.