Iñaki Elorza 'Txapas': "Lanera joango naizen azken sanferminak izan daitezke hauek"

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 5a, 15:15
Iñaki Elorza (eskuinean) sanferminetan, Euskadi Irratirako lanean. (Iñaki Elorza)

Urteak daramatza Euskadi Irratian kirol kazetari lanetan Elorzak, baina bada urtero errepikatzen duen beste kontu bat ere: Iruñeko sanferminetako entzierroak eta dianak zuzenean ematen ditu.

26. urtez joango da aurten Iñaki Elorza Txapas (Azpeitia, 1952) Iruñeko sanferminetara lanera. Festa giroan murgilduta ibiltzen den arren, ez du parrandarako asti handirik izaten.

Iñaki Elorza izena duzun arren, Txapas ezizenez ezagutzen zaituzte gehienek. Zergatik?

Joaquin de Pablo gerrilari karlista bat zen, Chapalangarra ezizenez ezaguna. Nahikoa bihurria zen hura nonbait, eta, mutikotan, literatura ikasten ari ginenean, ez dakit zertan ari nintzela, zera esan zidan irakasleak: “Callate Chapalangarra!”. Hori izen luzea zenez, Txapas deitzen hasi zitzaizkidan ingurukoak, eta hortik gelditu zait ezizena. Ez dauka zerikusirik txaparekin, txapista izatearekin…

Sanjuandegi ere deitzen dizute Azpeitian.

Bai, gure aita Sanjuandegi baserrian jaiotakoa zen, eta, horrez gain, Sanjuandegi auzoan egin ziren lehen etxeak hark egin zituen, duela 60 bat urte. Azpeitian oraindik jendeak ezagutzen nau goitizen horrekin. Txapas ere deitzen didate, beste batzuek Iñaki…

Berez, aparejadore izateko ikasi zenuen.

Bai, eta aukera izan nuen, gainera, Azpeitiko Udalean lan egiteko, baina ezetz esan nion proposamenari, irratian lan egitea nahi nuelako. Nahiz eta ikasketak bukatu nituen, aparejadore lana alde batera uztea erabaki nuen, eta ez naiz damutzen.

Nolatan hartu zenuen kazetaritzarako bidea?

1981 inguruan, kirol hiztegi batean lanean eta irrati-telebistarako eskolan ikasten ari nintzen. Orduan ez zen euskaraz kazetaritzarik egiten, ez zen euskarazko komunikabiderik, eta gaur egun erabiltzen diren hitz guztiak guk sortu genituen: Euskal Herriko Itzulia, saskibaloia, eskubaloia, jokoz kanpo, aurrelaria, atzelaria… Atotxara Realaren partidetara joaten nintzen nire kontura; horren berri izan zuten Herri Irratian, eta irratian lan egin nahi al nuen galdetu zidaten. Grabazio bat eman nien, entzun zuten, eta ondo moldatzen nintzela esan zidaten. Bi urte egin nituen Herri Irratian, eta 1982az geroztik Euskadi Irratian lan egiten dut.