Brigadako lau lanpostu betetzeko lehiaketa jarri du abian Udalak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 4a, 19:05

Udalak oposizio lehiaketa betetzeko deialdia egin du, eta dagoeneko zabaldu du izena emateko epea. Interesa dutenek uztailaren 24ra bitartean eman dezakete izena udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean.

Azpeitiko Udalak brigadako balio anitzeko lehen mailako ofizialen lau lanpostu betetzeko prozedura abiatu du. Urtarrilean egindako udalbatzarrean onartu zuen udalak zazpi lanpostu lehiaketa publikora ateratzea eta horientzat Lan Eskaintza Publikoa, eta zazpi postu horietatik lehenak brigadako lau lanpostuak izango dira. Udalak oposizioa lehiaketa betetzeko deialdia egin du, eta dagoeneko zabaldu du izena emateko epea. Interesa dutenek uztailaren 24ra bitartean eman dezakete izena udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean.

Eskaera egiterakoan, nortasun agiriaren, hizkuntza eskakizuna betetzen dela egiaztatzen duen agiriaren eta gidabaimenaren kopia aurkeztu beharko dira, baita deialdian parte har­tze­ko eskatutako tituluaren kopia ere. Oposizio lehiaketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak udalaren webgunean daude eskuragarri, baina, besteak beste, 16 urtetik gora izatea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, lehen mailako Lanbide Heziketako edo horien baliokidea den titulazioa edukitzea ezinbestekoa izango da.

Udalak prozesu guztia urte amaierarako bukatutzea aurreikusten du. Behin-behineko onartuen eta baztertuen zerrenda osatutakoan, publikatu egingo dute eta orduan zabalduko da alegazioetarako epea. Irailaren bukaerarako behin betiko onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratu nahi dute, hautaketa prozesuarekin urriaren hasieran hasteko. Lehen azterketa teorikoa egingo dute, eta ondoren, praktikoa. Prozesu guzti hori gainditu eta hizkuntza eskakizuna betetzen dutenek, merituak aurkeztu beharko dituzte, eta horiek kontuan hartuta argitaratuko du azken zerrenda erakundeak.

Udalak, legeak ezarritako mugak eta tasak "errespetatuz", ahal dituen lanpostu publiko egonkorrenak sortzeko "konpromiso osoa" duela agertu dute Leire Goenaga eta Josu Labaka zinegotziek. Goenagak esan duenez, kalitatezko enplegua "sortzearekin eta egonkortzearekin duen konpromisoa eta borondatea" oinarri hartuta egin du udalak lanpostu publikoen aldeko apustua. Labakak ere bide beretik hitz egin du; izan ere, haren arabera, "modu gardenean" bete nahi dituzte lanpostuak, herritar orok izan dezan horiek betetzeko aukera.