Gaurko elkarretaratzearekin amaitu dituzte pentsio duinen aldeko asteleheneroko protestak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 2a, 16:03

Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek gaur, astelehena, egin dute asteroko ohiko bilkuretan azkena, eta dozenaka lagun elkartu dira plazan, Azoka Plazaren parean. "Momentuz" elkarretaratzeak egiteari utziko diote, hiru hilabete pasa astelehenero pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak egin ostean. Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformakoek mobilizazioen "balorazio oso positiboa" egin dute: "Bai lortu den elkartasun eta giro onagatik, baita herrian nahiz hiriburuetan egin diren mobilizazioetako parte-hartze handiagatik ere".

"Gutxienez, PPk agindutako %0,25eko igoera pikutara botatzea eta pentsioen gaia politikarien eta komunikabideen agendan egotea lortu" dutela diote horiek, eta 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa dutenei kopuru horretara iritsi bitartean "lau urtean igoera gradual bat egitea" proposatzen dute. Era berean, "KPIaren igoera bermatzea, iraunkortasun faktorea inoiz ez aplikatzea eta Euskal Herriak bere pentsio sistema publikoa izatea" eskatzen dute.

Eusko Legebiltzarrean zein Azpeitiko Udalean pentsiodunen eskariekin lotuta "pauso garrantzitsuak ematen hasiak" direla iritzi diote Azpeitiko pentsiodunek, baina "oraindik zer egin asko dagoela" diote eta "mobilizazioekin jarraitu beharra" ikusten dute.

Hori horrela izanik, Urola Kostako pentsiodunek Azpeitiko plazara eramango dituzte beren aldarriak San Inazio festetan. Abuztuaren 1ean, San Inazio Bigarrenean, elkarretaratzea deitu dute 10:00etarako; Iñigo Urkullu lehendakariari beren eskariekin gutuna eskura ematea da pentsiodunen asmoa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintariei herriko agintariek plazan bertan egiten dieten harreran.

(Argazkia: Maite Garmendia)