Irudiak harrapatuta

Uztarria.eus 2018ko uzt. 2a, 14:52

Pasioz bizi du argazkigintza Irene Larrañagak. Hark objektiboaren bestaldean hartutako hainbat irudirekin bilduma osatu du Uztarriak 206. aldizkariko Klik! argazki erreportajerako, Ainitze Agirrezabala kazetariaren testuekin.

Lehen jaunartzean oparitu zioten Irene Larrañagari bere aurreneko argazki kamera. Geroztik, argazkiak egiteari inoiz ez diola utzi dio azpeitiarrak. Larrañagaren esanetan, eguzkia sartzen hasten den momentuan sortzen da argazkiak egiteko eguneko "unerik aproposenetakoa". Donostiako Pasealeku Berrian atera zuen goiko argazkia, duela bi urte.

Saltoa

Kazetaritza ikasi zuen Larrañagak, eta bi hamarkadaz telebistan lanean aritu ondoren, gaur egun argazkigintza ikasten dihardu "buru-belarri", Bilboko Argazki Garaikide zentroan. Milaka irudi ditu gordeta, eta haietako bat da hautatu duen hau: "Errealitatearen une bat harrapatu eta enkoadratzea da argazkien sekretuetako bat". Eider Romero dantzari hondarribiarraren saltoaren momentuan eginiko argazkia da horren adibidea.

New York

Etxetik gertu edota bidaietan, beti darama argazki makina berarekin. Modu batera edo bestera, irudia eta komunikazioa dira Larrañagaren bizitzako ardatzak. Buenos Airesen, Formenteran... hainbat instant jaso ditu kamerarekin. Beherko irudi hau, esaterako, New Yorken jaso zuen, 2016an: "Munduan argazki gehien dituen hiria da New York, kaleko argazkigintzarako agertorikik ederrenetakoa".

Hormak

Azken zazpi urteotan, hormetan jendeak idazten dituen esaldiak biltzen dihardu Larrañagak argazki proiektu batean. Beheko irudia duela bi urte Donostiako Zinemaldian ateratakoa da.

Lilium

Zenbaiti arretarik deitzen ez dioten gauza hutsaletan bestelako irudi zoragarriak behatzen ditu Larrañagak.  "Gauza txikien edertasuna erakargarri bihurtzen" dela dio, eta horren lekuko da beheko zuri-beltzeko argazki honetan aurkitu duen "lore baten perfekzioa".

X izpiak

Kaleko argazkigintzak "begirada zorrozten" duela dio azpeitiarrak. "Edozein ezustekok oparia dakar". Donostian, Gipuzkoa Plazan, aurten ateratako argazkia.

Gurutzatu

Barakaldoko Baffest argazkilaritza jaialdian aukeratutako proiektuaren argazkietako bat da urre koloredun takoiak dituen botin gorriak ageri direna. Azken lau urteetan munduko hainbat hiritako kaleetan hartutako argazkiekin osatutako bilduma aurkeztu du Larrañagak aurten Barakaldon egin den jaialdira.