I. San Fermin torneotik kanpo gelditu dira Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo

Uztarria.eus 2018ko uzt. 2a, 10:46

Bina partida jokatu zituzten atzo, igandea, Lesakako pilotalekuan, eta bi neurketak galduta ez dute finalerako txartelik eskuratu. Nagore Aramendi Ainhoa Urienekin aritu zen lehian, eta Oihana Orbegozo Olatz Ruiz de Larramendirekin.

Atzo, igandea, jokatu zuten Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrek I. San Fermin Torneoa Lesakan (Nafarroa), baina ez zuten zorte gehiegirik izan, eta txapelketatik kanpo gelditu dira bi kirolariak.

11:30ean hasita bina partida jokatu zituzten. Nagore Aramendi Ainhoa Urien abadiñarrarekin aritu zen lehian, eta lehen norgehiagoka 11 eta 18 galdu zuten Arrate Bergararen eta Naroa Elizalderen kontra. Bigarren partida ere ezin izan zuten irabazi: Aramendi eta Urien bost tantotan utzi zituzten Maite Ruiz de Larramendik eta Olatz Arrizabalagak.

Oihana Orbegozok ere bitik bi partida galdu zituen, Olatz Ruiz de Larramendi bikotearekin. Lehena 18 eta 16 galdu zuten, Miren Larrarteren eta Naroa Iturainen kontra. Bigarrenean, berriz, 18 eta 7 nagusitu ziren Andrea Aldaregia eta Maite Tolosa.

Txapelketaren finala Iruñean izango da uztailaren 14an, eta Naroa Iturain eta Miren Larrarte ariko dira nor baino nor Olatz Arrizabalagaren eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka. Hirugarren eta laugarren postuen lehian, Arrate Bergarak eta Naroa Elizaldek Andrea Aldaregiaren eta Maite Tolosarekin neurtuko dituzte indarrak.