Joseba Albizuk iaz irabazitako Europako Ultramaratoiko garaipena berretsi du

Uztarria.eus 2018ko eka. 30a, 18:03
Joseba Albizu Pedals de Foc probaren helmugan. (Eneritz Albizu Lizaso)

Vielhan (Aran bailara, Okzitania) jokatu da Pedals de Foc proba, eta bertan erabaki da Europako txapelduna. Azpeitiarrak hamar ordu eta lau segundo behar izan ditu 213 kilometroko proba bukatzeko. Txirrindulariaren arabera, "lasterketa gogorra" izaten da Pedals de Foc, baina berarentzat, aurtengoan "bereziki" izan da neketsua. Amari eskaini dio garaipena Albizuk.

Mendiko Bizikletako Europako Ultramaratoi Txapelketa irabazi du Joseba Albizu azpeitiarrak gaur, zapatua, bigarren urtez jarraian. Hamar ordu eta lau segundo behar izan ditu 213 kilometroko eta 7.700 metroko malda dituen ibilbidea bukatzeko. Joan den urtean bezala, Vielhan (Aran bailara, Okzitania) jokatu da Pedals de Foc proba, eta bertan erabaki da Europako txapelduna. Iaz baino denbora gutxiago behar izan du Albizuk proba bukatzeko.

Alberto Fernandez izan da lasterketaren burua ia amaierara artea, eta azken jaitsieran harrapatu du Albizuk. Txirrindulariaren arabera, "lasterketa gogorra" izaten da Pedals de Foc, baina berarentzat, aurtengoan "bereziki" izan da neketsua: "Bi aldiz erori naiz, eta gurpila puzteko ere gelditu behar izan dut. Lasterketa osoa aurrekoei segika pasatu behar izan dut, baina bukaeran ikusi dut nire aukera, eta ez dut etsi helmugara iritsi arte". Dena den, azpeitiarra "gustura" dago, "urteko helburua" bete duelako. Albizuk amari eskaini dio garaipena: "Inoiz ezin izaten duelako lasterketetara joan, baina beti laguntzen didalako".

Bigarren sailkatua, Alberto Fernandez, 59 segundora iritsi da; eta hirugarrena, Guillen Cassu, bost minutu eta 36 segundora.