Nagore Aramendik eta Oihana Orbegozok I. San Fermin Torneoa jokatuko dute

Uztarria.eus 2018ko eka. 30a, 15:28
Aramendi partida batean. (Carlos Mediavilla)

Bihar jokatuko dituzte partidak Lesakan (Nafarroa), 11:30ean hasita, eta finalak eta hirugarren eta laugarren postua eskuratzeko lehiak uztailaren 14an izango dira Iruñean. Bigarren taldean lehiatuko dira bi pilotari azpeitiarrak. Aramendik Ainhoa Urien abadiñarra izango du txapelketako bikote, eta Orbegozok Naroa Elizalde zubietarra.

Bihar, igandea, hasiko da Lesakan (Nafarroa) Emakumezkoen I. San Fermin Torneoa, eta bi azpeitiar pilotarik parte hartuko dute lehian: Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo. Sei bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta Lesakan izango dira bihar partidak, txapelketa antolatzen hasi zirenerako Iruñeko Labrit pilotalekua erreserbatuta zegoelako. Dena den, finala Iruñean jokatuko dute uztailaren 14an, larunbatez.

Bi multzotan jokatuko dute torneoa, 11:30ean hasita, eta 18 tantora jokatuko dituzte neurketak. Multzo bakoitzak ligaxka jokatuko du aurrena, eta talde bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dute hemendik bi astera. Bigarren sailkatuek, berriz, hirugarren eta laugarren postuen lehia jokatuko dute. Partida horiek Iruñean izango dira uztailaren 14an, 11:30ean. 22 tantora jokatuko dituzte norgehiagoka horiek.

Nagore Aramendik Ainhoa Urien abadiñarra izango du txapelketako bikotea, eta Oihana Orbegozok Naroa Elizalde zubietarra. Bi bikote horiek eta Maite Ruiz de Larramendi eulatearrak eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak osatutako bikoteak txapelketako bigarren taldean jokatuko dute ligaxka. Lehen taldean, berriz, honako pilotari hauek ariko dira lehian: Miren Larrarte (Bidania) eta Naroa Iturain (Iruñea); Andrea Aldaregia (Iruñea) eta Maite Tolosa (Amezketa); eta Patri Espinar (Usansolo) eta Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate).