Karmen Calzas: "Ikuspegia zabaltzen du kultur aniztasunak"

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 17:28

Katalan azpeitiartua da. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkio, eta herriko hainbat ekintzatan parte hartzen du. "Saltsera samarra" dela dio berak. Ihintza Elustondo kazetariak ekaineko Uztarria aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Caceresen(Espainia) jaio arren, berehala joan zinen Bartzelonara familiarekin, eta, egun, Azpeitian bizi zara. A zer nahasketa!

Egia esan, ondo etortzen da hori. Ikuspegia zabaltzen du kultur aniztasunak.

Nolatan etorri zinen Azpeitira?

Bizitzaren gorabeherak. Bartzelonan bizi ginenean, oporrak pasatzera Bidaniara joan ginen senarra eta biok, bi urtez. Arratsaldea pasatzera Azpeitira etortzen ginen, giro ona egoten zelako. Eta begira zer izaten diren gauzak; gero hona etorri ginen bizitzera!

Ondo moldatu zinen aldaketara?

Hasieran, gogorra egin zitzaidan Bartzelonatik herri txiki batera etortzea. Baina beno, segituan hasi nintzen euskaltegian eta...

Hasieratik argi zenuen euskara ikasi behar zenuela?

Bai, oso argi. Bizilekuz aldatzean, uste dut kanpotarrek egin behar dutela esfortzua. Nola? Bertako kultura errespetatuta eta hizkuntza geurea izango balitz bezala maitatuta.

Lortu al duzu euskara hainbeste maitatzea?

Bai, nahiz eta oraindik ez dudan guztiz ondo menperatzen. Gehiago jakin beharko nuke, ja 28 urte daramatzat hemen bizitzen eta. Baina ez dakit zaila den edo...

Beste hizkuntzak baino zailagoa dela esango zenuke?
Ez, ez da hain zaila. Alemana ere oso zaila da. Borondatearekin ikasten dira hizkuntzak, baina horretarako, esfortzua egin behar da.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Itzulpengintza ikasi nuen; zehazki, frantsesean eta alemanean espezializatu nintzen. Ziurtagiriak dio itzultzailea naizela, baina hona etorri naizenetik ez dut lanik egin horretan. Katalana, gaztelania, euskara eta ingelesa ere hitz egiten ditut, baina denak hala moduz...

Euskarak ba al du zerbait berezia?

Bai. Ez dakit zer, baina zerbait magikoa du. Agian, ez dakigulako nondik datorren edo...

Herriko ekintza askotan parte hartzen duzu, ezta?
Bai, saltsera samarra naiz, eta parte hartzea gustatzen zait: Nagusilanen boluntario, Kantu Jiran, literatur jardunaldietan, mintzapraktikan, yogan... aritzen naiz.