Eskualdeko jubilatuek abuztuaren 1ean elkarretaratzea egingo dute Azpeitian

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 14:39
Ekainaren 17an Zarautzen egin zuten manifestazioa Urola Kostako pentsiodunek. (Maria Maya Manterola/Urola Kostako Hitza)

10:00etan elkartuko dira plazan, eta Iñigo Urkullu lehendakariari eskutitza eskura emateko asmoa dute. Bestetik, datorren astelehenean bukatuko dituzte Azpeitiko pentsiodunek azken hilabeteetan astero egin dituzten elkarretaratzeak.

Urola Kostako pentsiodunek Azpeitiko plazara eramango dituzte beren aldarriak San Inazio festetan. Abuztuaren 1ean, San Inazio Bigarrenean, elkarretaratzea deitu dute 10:00etarako; Iñigo Urkulluri beren eskariekin gutuna eskura ematea da pentsiodunen asmoa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintariei herriko agintariek plazan bertan egiten dieten harreran.

Elkarretaratze horretan parte hartzeko deia egin diete "herritar guztiei, zahar nahiz gazteei".

Asteroko azkena, astelehenean

Bestetik, datorren astelehenean, uztailaren 2an, egingo dute Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek momentuz asteroko ohiko azken bilkura izango dena. 12:00etan izango dute hitzordua plazan, aurrekoetan bezala.

Hiru hilabete pasa daramatzate herriko jubilatuek astelehenero pentsio duinen alde elkartzen, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak egindako deialdiei erantzunez. Mobilizazioen "balorazio oso posiiboa" egin dute plataformakoek, "bai lortu den elkartasun eta giro onagatik, bai eta herrian nahiz hiriburuetan egin diren mobilizazioetako parte-hartze handiagatik ere".

"Gutxienez, PPk agindutako %0,25eko igoera pikutara botatzea eta pentsioen gaia politikarien eta komunikabideen agendan egotea lortu" dutela diote, eta 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa dutenei kopuru horretara iritsi bitartean "lau urtean igoera gradual bat egitea" proposatzen dute. Era berean, "KPIaren igoera bermatzea, iraunkortasun faktorea inoiz ez aplikatzea eta Euskal Herriak bere pentsio sistema publikoa izatea" eskatzen dute.

Eusko Legebiltzarrean zein Azpeitiko Udalean pentsiodunen eskariekin lotuta "pauso garrantzitsuak ematen hasiak" direla iritzi diote Azpeitiko pentsiodunek, baina "oraindik zer egin asko dagoela" diote eta "mobilizazioekin jarraitu beharra" ikusten dute.