Interjal txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute etzi Izarraitz frontoian

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 12:57

19:00etan hasiko dira norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan, eta bi partida jokatuko dituzte honako lau bikote hauek: Retolaza eta Uriel eta Laloo eta Susoren aurka lehiatuko dira; Antxonek eta Ibarluzeak osatutako bikoteak, berriz, Etxeberriren eta Zugaitzen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Interjai xistera txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute igandean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Binakako bi partida jokatuko dituzte 19:00etatik aurrera, jokalariek saio erabakiorrak izango dituzte txapelketan aurrera egin ahal izateko.

Lehenengo norgehiagoka Retozala eta Urielek jokatuko dute, Lalooren eta Susoren aurka. Lehenengo jardunaldian irabazi egin zuten Retozala eta Urielek, eta etzi berriz gailenduz gero, "urrats handia" egingo lukete sailkapeneko lehenengo hiru postuetan sartzeko. Iturrino zen Susorekin aritzekoa, baina Iturrinok ezin duenez, haren lekuan Laloo ariko da.

Bigarren partida, berriz, Antxon eta Ibarluzea eta Etxeberri eta Zugaitz bikoteen artekoa izango da. Lehenengo bikoteak irabazi egin zuen lehenengo jardunaldiko partida, bigarrenak ez bezala. Beraz, Etxeberri eta Zugaitz "behartuta" daude Izarraizko pilotalekuan jokatuko duten norgehiagoka irabaztera.

Joan den astean hasi zen txapelketa, Cabanillasen (Nafarroa), eta iazko Xistera Zirkuituko senior mailako jokalari onenak ari dira norgehiagoketan lehian. Liga moduan ari dira jokatzen, eta lehen sailkatuek zuzenean lortuko dute finalerako txartela. Hirugarren eta laugarren geratzen direnek, berriz, kiniela jokatuko dute finalera sailkatzeko.