Jagoba Labakak erremonteko Oriamendi Promozio Torneoko finala jokatuko du bihar

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 12:51
Finalean ariko diren lau pilotariak hautatutako materialarekin.

Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango da binakako finala, 16:00etan hasita. Labaka Etxarrirekin ariko da Eloyren eta Zubiriren aurka. Etxarrik eta Labakak joan zen asteburuan lortu zuten finalerako txartela.

Erremonteko Oriamendi Promozio Torneoa iritsi da bukaerara. Bihar jokatuko dute finala Etxarrik eta Labakak eta Eloyk eta Zubirik Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 16:00etan hasita. Asteartean hautatu zuten finalerako materiala, eta Eloyk eta Zubirik elastiko gorriarekin eta Etxarrik eta Labakak urdinarekin jokatuko dute partida handia.

Etxarrik eta Labakak joan zen asteburuan lortu zuten finalerako txartela; hain zuzen ere, Barricart eta Zaldua 32 eta 35 mendean hartuta. Labakak txapelketaren balorazio positiboa egin du Oriamendik jakinarazi duenez. "Lehen helburua finalera iristea izaten da beti, eta hori lortu dugu. Hasieran bikote guztiak oso parekoak ginen, baina honaino iristea lortu dugu".

Bihar arratsaldean Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketaren finala ere izango da, eta Azpeitia buruz buru ariko da Ataunen aurka. Hori dela eta, pilotalekuan Azpeitiko zale asko ez dela izango uste du Labakak. "Azpeitia finalera iritsita, herritar gehienak hara joango dira; lagun gehienak ere Atanora joango dira, pilotarietako bat kuadrillakoa dut eta. Horrenbestez, batez ere, familiakoen babesa izango dut bihar".