Zestoar bat atxilotu du Guardia Zibilak Azpeitian, terrorismoa goratzea egotzita

Uztarria.eus 2018ko eka. 28a, 13:31

EFE berri agentziak jakinarazi duenez, 2017ko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz hiru lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Euskal Herrian; horietako bat, Azpeitian. Atxiloketak salatzeko kontzentrazioa egingo dute gaur, 20:00etan, Zestoako plazan. Azpeitiko Gaztetxeak bat egin du elkarretaratzearekin, eta ondorioz, Garagardo Azoka ez da irekiko kontzentrazioa bukatzen den arte. 

Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu gaur Euskal Herrian; horietako bat, Azpeitian. Uztarria.eus-ek jakin ahal izan duenez, goizean Azpeitian atxilotutako gaztea zestoarra da. Atxiloketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute Zestoan, 20:00etarako, plazan. Azpeitiko Gaztetxeak bat egin du elkarretaratzearekin, eta ondorioz Garagardo Azoka ez da irekiko kontzentrazioa amaitu arte. 

EFE berri agentziaren arabera, hiru lagun horiek terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita atxilotu dituzte, eta "gazte mugimenduko kideak" dira; hain zuzen ere, 2017ko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz ari da Guardia Zibila operazioa egiten.

Beste bi lagun ere atxilotu ditu Guardia Zibilak, terrorismoa goratzea leporatuta: bata Gasteizen eta bestea Etxarri-Aranatzen (Nafarroa). Gainera, Gasteizko EHUren Farmazia, Gizarte Langintza eta Letren fakultatea mihatu du poliziak. Polizia operazioa zabalik dagoela jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.