Mundua dantzan

Uztarria.eus | Kultura
2018ko eka. 28a, 10:50

Areto dantzetarako sekulako afizioa dago Azpeitian. Dantzariak hilean behin elkartzen dira Sanagustinen, eta jendea probatzera animatu dute, Ihintza Elustondo kazetariak ekaineko Uztarria aldizkarirako egindako erreportaje honetan.

Nerea Arakistain, Angel Oiarzabal, Iurre Gurrutxaga, Irati Gurrutxaga, Mikel Lasa, Nerea Arregi eta Uxoa Ibarreta (behean). (Ihintza Elustondo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lotsati fama dute euskal herritarrek; inon ez dituzte gerria mugitzen eta irribarrea ahoan irudikatuko. Baina Azpeitira etorri besterik ez dago hori guztiz egia ez dela ohartzeko. Gero eta gehiago dira areto dantzetan aritzen diren herritarrak; ikusi baino ez dago hilean behin Sanagustin kulturgunea nola betetzen den leporaino. Euskal Herriko Kuba txikia dirudi guneak. Hutsik egin gabe, han izaten dira Mikel Lasa matxinbentarra, Angel Oiarzabal eta Irati Gurrutxaga urrestildarrak, eta Iurre Gurrutxaga, Nerea Arakistain, Nerea Arregi eta Uxoa Ibarreta azpeitiarrak. Afizioa adikzio bilakatu zaien sei herritar baino ez dira horiek.

Badu zerbait Azpeitiak; inguruko herrietan ziur ez dagoela areto dantzetarako halako afiziorik. Bi eskola daude herrian: Jose Mari Orbegozoren Dantzaki batetik, eta Angel Oiarzabalena, bestetik. Ikasleak ere, barra-barra. "200 lagun baino dezente gehiago izango gara, guztira", diote.

Zer gertatu da, bada, hainbeste jende animatzeko? Moda kontua izan daiteke, batetik. Baina, bestetik, zerbait aldatu dela uste du Ibarretak: "Orain arte areto dantzak helduentzat zirela pentsatzen zuen jendeak, eta, orain, gazteentzako ere badirela ikusi dute". Ikuspegi aldaketa horrek ekarri du, haren ustez, gero eta gazte gehiago dantzara animatzea.

Areto dantza bezala ezagutzen diren arren, jatorri latinoamerikarra duten dantza batzuk –salsa, bachata eta txa-txa-txa– nahiz jatorri afrikarra duen kizomba dantzatu ohi dituzte. Lasak argi du dantza horien bueltan sortzen denak baduela zerbait erakargarria: "Probatu duenari gustatu egiten zaio. Ondo pasatzen duzu, jende berria ezagutzen duzu... Dena du positiboa". Irati Gurrutxagak ezagun batek esana oroitu du: "Dantzan ari garenean, denak barrez eta ondo pasatzen ikusten gaituela eta berari ere dantzan hasteko gogoa sartzen zaiola esan zidan".

Poz horren jatorria zein den badaki Ibarretak: "Dantzan ari zarenean, dena ahazten duzu. Egun txarra izan baduzu, dantza pixka bat egin eta irribarre batekin joaten zara etxera". Arakistainen esanetan, ez da indibidualki dantzatzen den gauza bat, eta talde giro horrek ere ondo pasatzen laguntzen du. Dantza "ihesbide bat" dela ondorioztatu du Iurre Gurrutxagak.

Zoriontasun sentipen hori kutsagarria dela uste dute. Bat hasi, ondokoak ere probatu egin nahi, eta, azkenean, inguruko guztiak dantzan jarri ohi dira. Gainera, diotenez, ez du axola ondoan zein duzun dantzarako. "Zure ama edo alaba izan daitekeenarekin egin dezakezu dantza. Oso adin desberdinetako jendea elkartzen gara, baina, era berean, oso talde giroa dugu", azaldu du Irati Gurrutxagak. "Bestela ezagutuko ez zenukeen jendea ezagutzen duzu dantzaren bidez. Eskola batean elkartu eta zure bizitzako parte bilakatzen dira", erantsi du Ibarretak.

Dena den, lotsa ere sentitu izan dutela diote dantzariek; hasieran, batez ere. "Hasieran izaten dira lotsa eta konfiantza falta hori. Denborarekin, ordea, besteekin konektatzen duzu, eta disfrutatzen hasten zara", adierazi du Lasak.

Lotsa hori tarteko, Beasainen hasi zen dantza ikasten Lasa. "Beti gustatu izan zait dantza. Parrandan ere beti matxinsalto bat izan naiz. Bi urte pasatu nituen horretan hasiko nintzatekeela esanez, eta, azkenean, tailerreko lankide batek eman zuen izena nire ordez. Beti entzuten zidan gustura hasiko nintzatekeela, eta egun batean etorri eta esan zidan: 'Hi, urriaren 3an, 18:45ean hasten gaituk'. Lehen ordu erdian pixka bat sufritu nuen: 'Zertara etorri naiz ni hona?', pentsatzen nuen. Baina berehala pasatu zitzaidan, eta ordutik aurrera, bizioa bilakatu da dantza niretzat. Hasi nintzenean aste guztia Youtuben bideoak ikusten pasatzen nuen, eta hurrengo asteko eskola noiz iritsiko zain egoten nintzen", oroitu du.

Dantzari guztiek uste dute asko direla Lasaren antzeko egoera bizi dutenak; hau da, gustura hasiko liratekeen arren, ausartzen ez direnak. "Ziur mutil pila bat daudela hasiko liratekeenak, baina jendeak esango duenarengatik ez direnak animatzen", dio Iurre Gurrutxagak. Neska batzuei ere gauza bera gertatzen zaiela uste du Irati Gurrutxagak. "Niri esan zidan batek: 'Zer ederki egiten duzuen dantza!'. Hastekotan bezala zegoela esan zidan, baina oso baldarra dela. 'Besteak zer garela uste duzu!', esan nion. Hastea da kontua".

Lotsa kontuak aipatzean, aurreiritziek ere zerikusirik badutela uste dute. Arregiren arabera, jendeak beti ikusi izan du dantza "nesken gauza bat bezala". Mutil gutxi aritzen dira dantzan. "Nik esaten dudanean dantzan nabilela, inork ez du imajinatzen nik horretan ibili beharko nukeenik!", azaldu du Lasak.

Jendeak asko hitz egiten duela ere sentitu dute. "Mutilek beti gauza bera komentatzen dute. Dantza arrimatuta egiten dugunez, pentsatzen dute ligatzera joaten garela. Baina nik ez dut horretan pentsatzen, ni dantzara joaten naiz. Dantzan pixka bat ibili garenok ez dugu begi horiekin ikusten, baina Sanagustinen bueltan egoten diren begi horiek horrela ikusten gaituzte askotan", azaldu du Lasak. Irati Gurrutxaga ados dago: "Niri esan izan didate: 'Ez al dizu senarrak ezer esaten?'. 'Zer uste duzue egiten dugula?', erantzuten diet".

Sanagustin: dantzarako espazioa

Areto dantzetarako afizioa bai, baina espazio nahikorik ba al dago horiek praktikatzeko? Dantzariek uste dute "sekulako aukera" dela Sanagustin kulturguneak eskaintzen duena. Iazko urtarrilaz geroztik, hilean behin, ostiral batez, areto dantzetarako musika jartzen dute, jendeak dantza egin dezan. 23:00 aldetik hasita ordu txikiak arte, bertan aritzen dira hainbat lagun gelditu ere egin gabe.

Oiarzabal dantza irakaslea izan zen egitasmoaren sustatzaileetako bat. Kezka bat tarteko otu zitzaien hari eta Sanagustineko Eusebio Belokiri kulturgunea dantzaleku bilakatzea. "Jende mordoa ibiltzen da dantzan, eta horietako asko kanpora joaten ziren dantzara, hemen aukerarik ez zegoelako. Jendeak esan zidan ederra izango litzatekeela herrian zerbait egitea, eta horregatik pentsatu genuen Sanagustinen dantzarako aukera eskaintzea". Dantzariek asko eskertu dute aukera hori ematea; "zain-zain" egoten dira guztiak Sanagustin dantzaleku bilakatuko den eguna noiz iritsiko.

Denek azaldu dute "oso ondo" pasatzen dutela Sanagustinen dantzan. Lasak dio "parrandan bezalaxe" sentitzen dela, baina alkoholik edan gabe: "Gure mahaiak anoa-puntu baten antza izaten du, dena ur botilaz beteta". Giro ederra sortzen den arren, pena ematen dien gauza bat ere bada: beti betikoekin egiten dutela dantza. "Kostatu egiten zaigu jende ezberdinarekin dantzan hastea; soltura hori falta zaigu Azpeitian", adierazi du Lasak. Dantzan ibiltzen ez direnak ere dantzara animatzea falta dela uste du Arakistainek.

Sanagustinera dantza egitera joaten direnean, gero eta kurioso gehiago biltzen dela ohartu dira. Eta ikustea gustatzen zaien horiei guztiei, egitea are gehiago gustatuko zaiela uste dute. Horregatik, horiek guztiak probatzera animatu nahi dituzte. Lasak argi dio: "Hastean ez dira damutuko, lehenago hasi ez izanaz damutuko dira".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu