Sanjuandegi eta Loiola arteko bide zaharra eraberrituko dute

Uztarria.eus 2018ko eka. 28a, 12:02
Ekoetxeako, ikastetxeetako eta Udaleko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Agenda 21en barruan, herriko ikasleek bidean egokitzapenak egiteko ekarpenak egin dituzte, eta horiek aintzat hartuta hasiko dituzte lanak aste honetan. Xaguxatar parkea bidean txertatuko dute, behatoki moduko batzuk ezarriko dituzte ibaiaren ondoan eta mahaiak-eta jarriko dituzte bidearen bigarren zatian.

Sanjuandegi eta Loiola arteko bide zaharra itxura aldatzeko lanketa berezia egin dute aurten herriko ikastetxeetan. Bide hori oinezkoentzat soilik egokitu zuen Udalak duela hilabete dezente, eta trafikoari itxita dago ordutik. Agenda 21en barruan, herriko ikasleek bidean egokitzapenak egiteko ekarpenak egin ahal izan dituzte Udalak osatuta zuen proiektuaren gainean, eta erakundeak eskaera horietako batzuk egingo ditu datozen asteetan, "bidea berdetzeko eta herritarrentzat atseginago egiteko".

"Bideari osotasuna" eman nahi diote lanekin, eta Xaguxatar parkea bidean txertatuko dute. Horretarako, gaur egun parkea inguratzen duen hesia kenduko dute, ondoren ibaiaren ondoan jartzeko. Bidearen ertzetan, gainera, parkean diren materialekin egindako elementua jarriko dituzte. Horrez gain, Sanjuandegitik parkera arteko zatian neurri desberdinetako landareak eta behatoki moduko batzuk jarriko dituzte, "ibaiaren ikuspegi desberdinak ikusarazteko". Bestalde, Ekoetxetik Loiolara arteko zatiko zorua zig-zag moduan egokituko dute, "ibaiaren ibilbidea eta uraren mugimendua irudikatzeko". Udalak azaldu duenez, eserleku eta mahai batzuk ere jarriko dituzte gune horrtan.

Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "ezinbestekoa" da Loiolarako bide zaharra egokitzea; izan ere, haren arabera, azken urteetan esfortzu berezia egiten ari da Udala Urola ibaiaren ertzak berreskuratzeko eta herritarren atsedenerako bilakatzeko. Dena den, gunea ez dute "erabat" aldatuko. "Jende ugari ibiltzen da bide horretan oinez, lasterka... eta herritarren interesak kontuan izanda egingo ditugu hasierako aldaketak", azaldu du zinegotziak. Hark esan duenez, datozen urteetan beste aldaketa batzuk egiteko prest dago Udala, herritarrek bideari ematen dioten erabileraren arabera.

Lanak aste honetan hasiko dituzte, eta hilabeteren bueltan bukatzea aurreikusten du Udalak. Obren aurrekontua 47.728,8 eurokoa izango da.