Arauntzan ez dute fusilatzeen berririk

Uztarria.eus | Besterik
2018ko eka. 27a, 18:42

Azpeitian ateratako argazki zahar batek eman du zeresana azken egunotan Twitter sare sozialean. Euskarazko Wikipediaren kontuan argitaratu zuten "Anton Arauntzaren fusilamendua. Azpeitia, 1905" testuarekin lagundutako argazkia (goikoa); asteko argazki gisan aukeratu dute beren webgunean, eta horregatik zabaldu dute sareetan. 113 urte dituen argazkiak hainbat txiolariren jakin-mina piztu du: nor ote zen Anton Arauntza, argazkiaren testuak aipatzen duen fusilamendua benetan gertatu ote zen ala ez, irudian arma eskuetan agertzen den apaiza...

Guregipuzkoa.net webgunetik hartu dute Wikipediakoek argazkia eta zehaztu dute egilea ezezaguna dela. Argazki hori –egun berean egindakoa den beheko irudia bezala– Imanol Elias Odriozolak ere erabili zuen Azpeitia Historian zehar liburuan; bi argazkiak datoz argitalpen mardulean, baina haien gaineko aipamen zehatzik ez, ordea.

Anton Arauntza izeneko inoren arrastorik ez dute atera egunotan argazkiaren gaineko informazioaren peskizan ibili direnek. Arauntza baserria Azpeitian badela, bai; baina data horren bueltan eta izen horrekin han inor fusilatu zutenaren arrastorik ez da inon.

Arauntza baserriko sendikoei galdetu die Uztarriak argazkien gainean. Haiek ere ezagunak dituzte irudiok, horien iturria ezagutzen ez duten arren. Baieztatu dute, hori bai, argazkietakoa Arauntza dela, baina garai hartan baserrian bizitako senitartekoen ahotik jaso dutenak ez du zerikusirik fusilatze kontuekin. Inguru hartan ospatzen zuten festa egun batean ateratako argazkiak izan daitezkeenaren susmoa dute, eta ustezko fusilamendua parodia antzeko bat. Anton Arauntza izeneko inoren berri ere ez dute Arauntza baserrikoek; Alberdi familiakoak bizi dira han aspalditik, Arauntza abizendunik ez dute ezagutu.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu