Ainhoa Aira: "Elementu guztien oinarria da sexualitatea, eta sexualitatea aske bizitzeko, beharrezkoa da ahalduntzea"

Uztarria.eus 2018ko eka. 27a, 14:15
Ainhoa Aira.

Basanderiek asanblada feministako kide Ainhoa Airari egokitu zaio hil honetan galderei erantzutea. Ekaineko Uztarria aldizkarian, 206. zenbakian, Azpeitiko Udaleko Arremanitz Sexu eta Bikote aholkularitza zerbitzuko Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek Erotikan Plax! atalerako hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Belaunaldi berri eta freskoa sumatzen da Basanderieken.

Borrokatzeko eta gauzak aldatzeko gogoz eta grinez gaude.

Emakumeen borrokan nola ikusten duzu sexualitatea?

Elementu guztien oinarria da sexualitatea, eta sexualitatea askatasunez bizitzeko beharrezkoa da ahalduntzea.

Zeintzuk dira egunerokoan dituzun plazerezko lanak?

Jatea asko gustatzen zait.

Zer behar da ondo ligatzeko?

Gustura eta libre sentiaraziko zaituen konexio sano bat.

Basanderiek taldearen logoari erreferentzia eginda, gezi asko botatzen al ditu Ainhoak?

Baietz uste dut. [Kar, kar, kar]

Eta punteria ona al du?

Bai. Konexio sanora jotzeko abilezia berezia du.

Monogamiak ito egiten al gaitu?

Ni, pertsonalki, bai. Noizko gai horri planto?

Aldarrikatzeko oihu bat?

Gure gorputzak ezagutzera, entzutera eta askatzera goaz! Gora alu askeak!

Nolakoa litzateke zuk irudikatutako mundu erotikoa?

Eskatzen hasita... Mundu alaia, zintzoa, aukera berdintasuna bermatzen duena, indibidualismoa albo batera utzi eta irekitzera ausartuko ginatekeena, aniztasuna aberasteko bide moduan ulertuko dena...

Noizko transmarikabollo festa feminista bat herrian?

Nahi duzuenean! Une egokia izan daiteke, eta erabaki ausarta litzateke.

Zerk berotzen zaitu?

Ispilu aurrean jartzeak, baita nire burua bero irudikatzeak ere.

Basoan ala hondartzan?

Basandereok indar berezia dugu basoan.

Laztanak jasotzeko gorputz atal bat?

Lepoa eta bizkarra.

Usain erotiko bat?

Dutxatu osteko lurrun usaina.