Aitzol Doiharzabal: "Zailena da buelta noiz hartu erabakitzea"

Uztarria.eus 2018ko eka. 26a, 19:31

Ekaineko Uztarria aldizkaria osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 206. zenbaki horretan dator Julene Frantzesena kazetariak Aitzol Doiharzabal mendi gidariari egindako elkarrizketa hau.

Esperientziak erakutsi dio, halabeharrez, etxerako bidea hartzea erabakitzea zer garrantzitsua den. Mendiak, baina, kateatuta dauka Aitzol Doiharzabal (Ibarra, 1982) Azpeitiko bizilaguna, ustekabez betetako eta erronkaz jositako eremua delako. Mendi gidari lanetan "gustura" dabil, hain maiteak dituen paraje horietan.

Etxetik datorkizu mendirako afizioa. Zer dela eta?

Gurasoak eta izeba-osabak oso mendizaleak izan dira. Haiekin hasi nintzen mendira joaten, oporretara ere beti mendira joaten ginen. Aitari ilusioa egiten zion ni berarekin mendira joateak, eta halaxe, 8 urterekin igo nuen lehen hiru milako mendia: Taillon. Gurasoek erakutsi zidaten mendizaletasuna zer den.

Gero eskalatzen hasi zinen.

Bai, 12-13 urterekin. Jendea eskalatzen ikusten nuen mendian, eta probatzea erabaki nuen. Materiala erosi nahi nuela esan nien gurasoei, baina esan zidaten ikastaroren bat egin arte ez zidatela mosketoi bat bera ere oparituko; ikastaroa egin eta materiala erosi nuen. Gaur egun, jendea rokodromoetan hasten da eskalatzen ikasten, eta gero joaten da mendira. Nik, ordea, mendira joateko ohitura nuen, eta mendi batzuk igotzeko eskalatzea beharrezkoa zelako hasi nintzen alpinismoan murgiltzen. Gaur egun ere, ahal bada, ez naiz rokodromoetara joaten.

Zer eman dizu mendiak?

Askatasuna, nahi dudana egiteko abagunea. Baina obsesio puntu bat ere badut mendiarekin; beti mendian dut burua, eta hala segitzen dut.

Zortzi milakoren bat egiteko tentaziorik izan al duzu inoiz?

Niri mendian azkar ibiltzea gustatzen zait; hau da, igo eta jaitsi aritzea. Zortzi milakoak egiteko gaur egungo modua oso motela da; adibidez, mendizaleek asteak pasatzen dituzte oinarrizko kanpamenduetan. Mendian lo egitea gustatzen zait, baina beste arintasun batekin ibiltzea nahiago dut.

Zein mendi dituzu gustuko?

Buruan gustuko hiru mendi ditut: Cerro Torre (3.133 metro), Yerupaja (6.634 metro) eta Cervino (4.478 metro). Eskuak erabili behar diren mendiak gustatzen zaizkit; ez pareta bertikal-bertikalak dituzten mendiak, baina bai ertzak, aristak... dituztenak. Ibiltzeaz gain, eskalatzea eskatzen duten mendiek erakartzen naute.

Nolatan hasi zinen mendi gidari lanetan?

Banatzaile lana egiten nuen, baina lanetik atera eta mendira joaten nintzen entrenatzera, asteburuetan ere bai, eta egun batean zertan ari nintzen galdetu nion neure buruari. Lana utzi eta mendi gidari ikasketak egin nituen Benasquen (Huesca, Espainia). Orain bada eskola bat Durangon, baina orduan ez zen, eta hara joan-etorrian pasatu nituen bizpahiru urte. Saio teorikoak jaso genituen, baina batez ere, praktikoak.

Mendian lan egitea al zenuen amets?

Mendia beti gustatu izan zait, baina menditik bizitzea oso zaila da. Banekien mendian lan eginda bizi zen pertsonaren bat edo beste banuela inguruan, informatzen aritu nintzen, eta ikusi nuen lor nezakeela. Laguntza asko izan dut; izan ere, Aralar Kirolak denda nire izebarena da eta lehengusu batek ipar eskiko estazio bat dauka Madrilen. Haien bitartez jendea ezagutu ahal izan nuen, eta poliki-poliki lortu dut bidea egitea. Mendian lan eginda bizi naiz, bizirauten dut.

Mendiari lotutako kooperatiba bat ere izan zenuen, ezta?

Bai, baina utzi egin nuen. Orain nire kasa aritzen naiz, eta Mendiak eta Herriak mendi gidarien enpresan ere egiten dut lan. Espainia osoko enpresarik zaharrena da Felipe Uriarterena.

Lehen aldiz, zein menditan egin zenituen gidari lanak?

Perdido mendian, hiru frantziarrekin. Presio handia sentitu nuen, ikaragarria. Izan ere, ordaindu egiten dizute, igotzen saiatu behar duzu, mendizaleen segurtasuna bermatu behar duzu... Eta horrek denak presioa sortzen du.

Eta zein izan da egin duzun azken espedizioa?

Ezin dut esan, ETB1eko Gailurra Xtrem programan parte hartu dudalako.

Nola prestatzen dituzu mendi irteerak?

Lehenik, bezeroekin helburuak zehazten ditut. Espedizio jakin baterako deitzen didaten bezeroek halako edo bestelako menditara joan nahi dutela esaten didate. Horiekin ezin duzu zuzenean mendira joan, ikusi egin behar duzu nola ibiltzen diren mendian. Horregatik, halakoetan asteburu bat-edo pasatzen dut bezeroekin, nola funtzionatzen dugun ikusteko. Hilero deitzen didaten bezeroak ere baditut, eta horiei nik proposatzen diet nora joan; asko gustatzen zait hori.

Zure egunerokoa asko alda daiteke, beraz, bezeroen arabera?

Bai, guztiz. Orain, adibidez, hilabete inguruko egutegia daukat, badakit zer egingo dudan hilabete inguruan, gutxi gorabehera, baina hortik aurrera batek daki.

Urteak daramatzazu mendi gidari lanetan, baina eskarmentua izanagatik, mendiak beti ematen ditu ezusteak...

Bai, bai, hala da, beti ikasten ari gara. Ikasketak egiten dituzu, esperientzia hartzen duzu, eta hala ere ikasten jarraitzen duzu. Mendian esperientzia oso garrantzitsua da, fisikoki ondo egotea baino garrantzitsuagoa; izan ere, izugarrizko sasoia duen pertsona batek ez badaki zer material eraman, noiz joan... ez da gailurrera iritsiko edo esperientzia duen pertsona baino beranduago helduko da. Baina, hala ere, beti egiten dira akatsak, eta horietatik ikasi egiten duzu.

Euskal Herrian ba al da mendi gidarien zerbitzuak kontratatzeko joerarik?

Oso gutxi, baina orain gero eta gehiago. Euskaldunak oso harroak izan gara, eta ez da ohikoa izan mendira gidariarekin joatea.

Zergatik?

Euskal Herrian mendira joateko izugarrizko afizioa egon da eta dago, eta jendeak ez du gidari baten beharrik ikusten. Berez, garrantzitsua da gidarien lana, ikaragarriak ikusten dira-eta mendian.

Egoera gogorrak bizitzea egokitu al zaizu?

Bai, bai, asko. 4.000 metrotara, anklaje batetik zintzilik gau osoa pasatu genuen hiru edo lau lagunek, zakurik eta ezer gabe.

Eta bezeroek nola erreakzionatzen dute halakoetan?

Denetariko erreakzioak ikusten dira: barre egiten dute, maldizioka hasten dira, negar egiten dute... Egoera horretara iritsi zarenez, aterako zarela pentsatu eta aurrera egiten duzu. Halakoetan egoerari konponbidea aurkitzen saiatu behar duzu, baina asko sufritzen da. Asko diodanean, ikaragarri da.

Jendea ohartzen al da mendiak dituen arriskuez?

Batzuk bai, eta besteak, ez. Zailena izaten da buelta noiz hartu erabakitzea. Etsigarria da buelta hartzea, eta pixka bat gehiago, eta pixka bat gehiago, aurrera egin nahi izaten duzu. Oso garrantzitsua da buelta ematen jakitea; izan ere, une denak ez dira onak itzultzeko. Kontuan izan behar da noiz den aurrera segitzea itzultzea baino zailagoa.

Bezeroek ulertzen al dute i-tzuli egin behar duzuela?

Batzuek gaizki hartzen dute, baina behera iristean esaten dute: "Eskerrak jaitsi garen".

Dena den, ohikoa da mendian hasierako helburuak ez betetzea.

Bai, normalean, helburuen %30 ez dituzu betetzen. Asko desio izan dudan irteera bat bada, urrutira joan banaiz hori egitera eta asko entrenatu badut, amorrua ematen du helburuak ez betetzeak. Baina urteek erakusten dute ezin denean ezin dela. Aurten, adibidez, Kanadan izan naiz anaiarekin, munduko ur jauzi handienak eskalatzen, eta lehen egunean ez genuen ur jauzia topatu ere egin...

Bezeroek aintzat hartzen al dituzte zuen jarraibideak?

Bai, normalean bai. Hasieran, agian, ez dute kasu gehiegi egiten, baina eguna aurrera doan heinean konturatzen dira zertan ari diren. Jendeak ez du jakiten zer biziko duen espedizioan, eta ematen dizkiedan gomendioak ez dituzte ulertzen hasieran: joan polikiago, ur asko edan, jantzi arropa... Eta gero eskerrak ematen dizkizute.

Zeintzuk dira, batez ere, zure bezeroak?

35 eta 50 urte arteko pertsonak, eta asko bikotekiderik gabeak. Oro har, gauzak egiteko gogoarekin dagoen jendea izan ohi da, eta inguruan mendian esperientzia duen jenderik ez duena. Gaur egun, bezero gehienak euskaldunak, kataluniarrak eta espainiarrak dira...

Europan gidariak hartzeko joera handiagoa al dago?

Bai, askoz ere ohitura handiagoa dute. Edozein menditara joateko kontratatzen dituzte mendi gidarien zerbitzuak. Menditik mendira aldea dago: Pirinioetako zenbait mendi egiteko, agian, ez duzu behar mendi gidaririk alboan, baina Alpeetako edozein mendi egiteko bai.

Zein da lan gehien egiten duzuen urte sasoia?

Urte guztian antzera egiten dugu; izan ere, neguan eskia eta izotz eskalada egiten ditugu, udaberrian eskia, eta udan mendia nahiz harri eskalada.

Mendia pasio izanik, lana eta denbora librea bereizten al dituzu?

Ez, lanean ez nagoenean ere medira joaten naiz.

Inoiz pentsatu al duzu mendia alde batera uztea eta beste lanen bat egitea?

Ez, ez dakit zer egingo nukeen. Beste kirolen bat egin beharko nuke neure onetik ez ateratzeko, ipurterre samarra naiz eta.