Sammic-eko langileek auto karabana eta elkarretaratzea egin dituzte hirugarren greba egunean

Uztarria.eus 2018ko eka. 26a, 18:10
Sammic-eko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian.

Hitzarmena berritzeko negoziazioari dagokionez, "oraingoz berririk ez" dagoela azaldu du gaur goizean Langileen Batzordeak, eta gogorarazi du "beti" egon direla eta daudela enpresarekin hitz egiteko prest. Enpresak langileen proposamenak ez dituela inoiz serio hartu salatu dute beharginek, eta elkarretaratzeak deitu dituzte biharko eta etzirako. Bihar Azpeitiko plazan egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan.

Gaurkoa hirugarren greba eguna dute Basarte industriagunean dagoen Sammic enpresako langileek, eta auto karabana eta elkarretaratzea egin dituzte. Goizetik lantegiaren aurrean izan dira beharginak, eta eguerdi partean auto karabana egin dute Azpeitiko kaleetan barrena. Elkarretaratzea, berriz, Basarte industriagunearen aurrean dagoen bidegurutzeko babesgunean egin dute, Sammic hitzarmen duin baten alde lelopean.

Aurretik zuten hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen. Aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion langileen batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari, baina ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. Hitzarmenaz hitz egiteko eta hori negoziatzeko prest daudela adierazi dute Langileen Batzordeko kideek, baina enpresak langileen proposamenak inoiz ez dituela "serio" hartu azaldu dute. "Hori horrela izanda ere, beti hitz egiteko prest egon gara, eta oraindik ere hala gaude. Dena den, behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo behar izan dugu". Langileen ordezkariek salatu dutenez, egun hauetan mahaitik beraiek jaiki zirela entzun behar izan dute enpresaren arduradunen ahotik: "Mahatik jaiki ginen serio ez gintuztelako hartu".

Lehengo astean bi greba egun eginda, aste honetan ere mobilizazioei eutsi diete beharginek. Gainera, "oraingoz berririk ez" dagoela azaldu du gaur goizean Langileen Batzordeak, eta horregatik, elkarretaratzeak deitu dituzte biharko eta etzirako. Bihar Azpeitiko plazan egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan, eta etzi Azkoitiko plazan, ordu berean.

Joan zen ekainaren 11n erabaki zuten Sammic-eko langileek grebara jotzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dagoelako. Babes handiarekin erabaki zuten langileek grebara jotzea; izan ere, 105 langilek eman zuten grebaren aldeko baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Lehengo astean bi egunetan egin zuten greba; aste honetan, berriz, hirutan egingo dute –gaur, bihar eta etzi–. Egunotan egoera bideratzen ez bada, uztailaren 2tik aurrera greba mugagabera joko dutela jakinarazi zuten joan zen ostegunean.