Gazteei zuzendutako Gaztemaniak zirkuitua iritsiko da Azpeitira zapatuan

Uztarria.eus 2018ko eka. 26a, 12:12
Ane Jurado musikari azpeitiarra.

La Basuk rap ikastaroa eskainiko du Gaztelekuan. Ondoren, Ane Jurado azpeitiarrak kontzertua emango du Sanagustinen. Brisa Fenoy igoko da gero oholtzara, eta Iban Garcia azkoitiarrak itxiko du egitaraua. Foru Aldundiak eta zenbait udalek, tartean Azpeitikoak, sustatutako egitasmoa da Gaztemaniak.

Gaztemaniak zirkuitua Azpeitira iritsiko da aurrenekoz datorren zapatuan, ekainaren 30ean. Arratsaldetik hasita, dantza eta musika izango dira Gaztelekuan zein Sanagustin kulturgunean.

16:00etan hasiko da egitaraua, eta La Basu arduratuko da horretaz. Euskal Herrian ezaguna da La Basu, eta emakumezkoen rap munduko ikur gisa dute batzuek. Hark masterclassa eskainiko du Gaztelekuan. Saioa doakoa izango da, eta nahi duen oro anima daiteke. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da Gaztelekuan. Ondoren, 18:30ean, Ane Jurado musikari azpeitiarraren kontzertua izango da, eta haren ostean Brisa Fenoy igoko da Sanagustingo oholtzara. Eguna bukatzeko, Iban Garcia azkoitiarrak bere musikarekin animatuko ditu gaztetxoak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emanaldiek irauten duten bitartean ez da alkoholik salduko kulturgunean.

Gaztemaniak zirkuitua Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen egitasmoa da, eta hogei urteko ibilbidea du. Sustatzaileen arabera, helburua da ”kultura gazteengana hurbiltzea". Goizane Alvarez Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendariaren hitzetan, aurtengo Gaztemaniak zirkuituak helburu zehatza izan du: "Emakume artista gazteak lehen lerroan jartzea". Gemma Gonzalez da egitasmoaren zuzendaria, eta hark azaldu duenez, "12-25 urte bitarteko gaztetxoentzako kultur eskaintzan sortzen diren zailtasunei edo hutsuneei erantzutera datorren ekimena da Gaztemaniak". Foru Aldundiak Gipuzkoako zenbait herritako udalekin batera antolatzen du emanaldi bira, eta aurten Azpeitia batu da egitasmora. Eneko Etxeberria alkateak, eskerrak emateaz gain, azpimarratu du Gaztemaniak Azpeitian kulturaren arloan egiten ari diren "lanari balioa ematera eta eskaintza zabaltzera" datorren egitasmoa dela.