Zapatu eguerdian ere autobusa jarri dute Herriartekoaren finalera joan nahi dutenentzat

Uztarria.eus 2018ko eka. 26a, 12:46
Azpeitiko pilotazaleak Atano III.ean, iazko finalean.

12:30ean irtengo da lehen autobus hori Donostiaruntz, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko geltokitik; aurrez hamaiketakoa ere prestatu dute Korrale tabernan. Arratsaldeko autobusetarako bezala, eguerdiko autobuserako izena Frontoi Txikian eman beharko da, gaurtik aurrera; eta hamaiketakoa egiteko, berriz, tabernan bertan.

Ilunpe pilota elkarteak gaur, bihar eta etzi salduko ditu Frontoi Txikian Azpeitiak eta Ataunek jokatuko duten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerako sarrerak; zapatuan izango da finala, 16:30ean hasita, Donostiako Atano III.a frontoian.

Sarrerekin batera, egun horretan Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorria egiteko jarriko dituzten doako autobusetan tokia gordetzeko aukera izango da egunotan Frontoi Txikian. Atzo iragarri bezala, 15:00etan abiatuko dira finalerako autobusak anbulatorio aurretik, baina Donostiara goizago joan nahi dutenentzako ere autobusa jarriko dutela jakinarazi dute Ilunpekoek.

Horrela, 12:30ean ere izango da autobusa, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko geltokitik irtenda. Autobus goiztiar hori Korrale tabernan antolatu duten hamaiketakoarekin lotuta dator. Bazkalondoko autobusetarako bezala, eguerdikorako ere izena eman beharko da, gaurtik aurrera, Frontoi Txikian; hamaiketakoan parte hartu nahi dutenei ere izena aurrez emateko eskatu diete, kasu horretan, Korralen bertan.