Kaleak eta gauak emakumeenak direla aldarrikatu dute eskualdeko eragile feministek

Uztarria.eus 2018ko eka. 21a, 20:54

Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zarautzeko eta Zumaiako talde feministetako kideak eta beste hainbat emakume Azpeitian elkartu dira gaur, osteguna, "egunerokotasunean ematen diren eraso sexistez" nazkatuta. Adierazi dutenez, "biolentzia matxistari hortzak erakusteko pronto" daude: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da". 

Gaurko deialdiaren sustatzaileen hitzetan, "indarkeria sexistaren aurkako borrokan, eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Pasibotasunak ez du balio". Adierazi dutenez, inguruko herrietan egunerokotasunean jasaten dituzten erasoen erantzukizuna "pertsonala zein kolektiboa" da. "Erasotzaileek eta beren babesleek erantzukizuna dutela argi dugu. Eraso bat jazotzen bada, erantzun bat emango dugu". 

Sanfermiñetako bortxaketaren epaiaz

Gaur jakin da.Nafarroako Auzitegiak baldintzapean libre utziko dituela Iruñean 2016an egindako taldeko sexu erasoan parte hartu zuten bost gizonak. Azpeitian elkartu diren eragileetako kideen hitzetan, epai hori "justizia ere gizonek eta gizonentzat egindako neurrira, patriarkatuaren neurrira, dagoela frogatzen duen beste adibide bat besterik ez da". Salatu dutenez, "jendartea eta sistema osoa errotik aldatu ezean", ez da "parekidetasuneranzko biderik egingo".