Bidarraira irteera antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak hurrengo astebururako

Uztarria.eus 2018ko eka. 20a, 16:00

Ekainaren 30etik uztailaren 1era egingo dute txangoa Bidarraira, eta izen-ematea zabalik dago jada. Irteerara animatzen diren lagunek, Harrihandi mendia ezagutzeko eta rafting egiteko aukera izango dute. 

Lagun Onak Mendi Bazkunak Bidarraira irteera antolatu du ekainaren 30eko astebururako. Txangora animatzen diren herritarrak 09:00etan abiatuko dira anbulatorio aurretik autobusez Bidarraira. Behin hara iritsitakoan, Harrihandi (743m) gainera ibilaldia egingo dute. Igoera hori lau kilometro eta erdi ingurukoa izango da. Ondoren, Bidarraira jaitsiko dira berriro. 

Igandean, aldiz, rafting kirola egiteko aukera izango da. Esnatu ostean, aterpetxean gosaldu, eta animatzen diren lagunak ondoren joango dira rafting egitera. Lagun Onak MBk jakinarazi duenez, igeri egiten dakiten  zazpi urtetik gorako gaztetxoek zein gurasoek egin ahalko dute rafting.

Zapatuko bazkaria eta lotarako sakua norberak eraman beharko ditu.Rafting egiteko, aldiz, ezinbestekoa izango da uretan ibiltzeko zapata pare bat, bainu jantzi bat eta dutxarako gauzak eramatea. 

Izen-ematea eta prezioak

Irteerara joateko izen-ematea zabalik da jada, eta hilaren 28a, osteguna, baino lehen egin behar da mendi bazkunaren webgunean. Rafting egin behar duten pertsonek izenaren ondoren RAF jarri behar dute izena ematerako garaian.

Lagun Onak MBko bazkideek 30 euro odaindu beharko dute irteera, eta bazkide ez direnek, berriz, 35. Prezio horretan sartzen dira Bidarraira bidaia, hango aterpetxeko egonaldia, zapatuko afaria eta igandeko gosaria eta bazkaria.

Rafting egiten dutenek, aparte ordaindu beharko dute hori. 6-12 urteko haurrek 19 euro ordaindu beharko dute pertsonako. 12 urtetik gorakoek, aldiz, 24 euro.