Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren itxiera ekitaldia egin dute

Uztarria.eus 2018ko eka. 19a, 18:34

Hainbat eragilek Elkarrekin Eraikitzen proiektua landu du aurten bosgarren urtez jarraian. Proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean –IB Sarea- du jatorria, eta eskualdeko ikastetxeez gain, hainbat eragilek parte hartu du bertan. Zehazki, bost ikastetxek –Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Urola Ikastola–, bederatzi irakaslek, 40 eragilek eta 180 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan.

Proiektuaren barruan, DBHko eta Batxilergoko ikasleak izan dira beren ikasketa prozesuan protagonista, eta beren kabuz eskualdeko eragileen errealitateak ezagutu dituzte, elkarrizketen eta bisiten bidez. Eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzea da egitasmoaren helburua. Gaur, Azkoitiko Elkargunean egin dute aurtengo Elkarrekin Eraikitzen programaren itxiera ekitaldia.