Egun osoko festarekin agurtu dute ikasturtea Ikasberrin

Uztarria.eus 2018ko eka. 17a, 19:13

Ikasturte bukaerako jaia ospatu zuten atzo Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Ohi dutenez, egun osoko egitarauaz gozatu zuten ikasleek, irakasleek, gurasoek eta langileek. Goizean, HH3tik HH5era arteko ikasleek erromeria egin zuten ikastolako frontoian, euritatik babesteko, trikiti ikasleek girotuta. Gero, LHko ikasleek jolasak egin zituzten: txinga, lokotx bilketa, giza proba, sokatira... Bitartean, hainbat tailer izan zen txikienentzat, DBHko ikasleek gidatuta. aurpegi margoketa, marrazkiak, plastilina, pitxiak...

Bazkaldu aurretik, Marea Urdinari babesa erakusteko argazki jendetsua atera zuten festan parte hartzen ari ziren guztiek. Umeek bazkaldu zuten aurrena eta gurasoek ondoren; tartean, Ekaintxoko emanaldia egin zuen. Bazkalondoan tailerrekin jarraitu zuten, iIkasleek play-backean abesteko aukera izan zuten, eta antzerki tailerrekoek bost lan antzeztu zituzten. Festa eguna borobiltzeko, Kupelarekin dantzaldia izan zuten.