Aitor Mimenzak eta Alazne Iruretak irabazi dute Urrestillako krosa

Uztarria.eus 2018ko eka. 16a, 22:39

Kirola eta festa giroa uztartu dituzte gaur arratsaldean Urrestillako San Juan Herri Krosean. Aurten ere, lasterkari txikienak izan dira gehiengo eta haiek txalotzeko inguratu da jende gehien, baina kirolari guztiek jaso dituzte merezitako txaloak.

17:00etan hasita, bata bestearen atzetik etorri dira maila ezberdinetako probak, txikienetatik infantil mailara artekoak. 18:00etan, berriz, hasi da lasterketa nagusia, kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak tartean zirela. Guztira, 37 korrikalari zeuden izena emanda. Guztietan azkarrena, alde nabarmenarekin, Aitor Mimenza izan da; Agustin Ruizek eta Mikel Garatek osatu dute gizonezko seniorren podiuma. Emakumeetan, berriz, Alazne Irureta beteranoa izan da lehen sailkatua; Vanessa Cerrajero izan da bigarrena (eta lehen seniorra), eta Itziar Larrea hirugarrena. Gizonezkoen beteranoen sailkapenean Manu Hurtado izan da aurrena, Ibon Arangurenen eta Iñaki Lopetegiren aurretik; Arangurenek, gainera, lehen herritarraren saria ere eskuratu du. Bai kadeteetan (Julen Azpiazu) eta bai jubeniletan (Beñat Zumeta) korrikalari bakarra lehiatu da.