1996tik, ia hutsik egin gabe

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 15a, 14:55
1996an Urrestillan egin zuten lehen saioa. (Bentazaharreko Mutiko Alaiak)

Aurten hogeita bi urte dira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen ernamuinak Urrestillan lehen aldiz jo zuela. Harrezkero, urte batean izan ezik, beti izan dira festetan.

Urrestillan gaur bertan hasiko dira hurrengo asteburuan ospatuko dituzten San Joan festetarako motorrak berotzen. Urtero ohi dutenez, sanjoanen aurreko asteburua ere ekitaldiz bete dute: profesionalen esku pilota jaialdia izango dute gaur gauean, Jubilatuen Eguna ospatuko dute igandean, eta bihar, herri krosak beteko du arratsaldea. Kirola ez da izango, ordea, zapatuko hitzordu bakarra. Lasterkariek bete beharreko ibilbideak osatu eta kroseko sariak banatu ondoren, musikaz eta kantuz beteko dira Urrestillako kaleak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin. Eta zain-zain izango dituzte musikariek urteroko hitzordua ondo baino hobeto ezagutzen duten helduak, gazteak zein umeak.

Izan ere, badira sanjoanetan eta festen bueltan urtez urte iraun duten ekitaldiak, eta horietako bat da kantu jira; Ibon Garmendiak (Urretxu, 1977) aitortu bezala, hasierako urteetatik "asko aldatu" bada ere.

2000. hamarkadaren hasieran iritsi zen lehen aldiz Urrestillara Garmendia bera, taldeak Bentazaharreko Mutiko Alaiak izena hartu zuen garaitsu berean. "Urretxuko kantu afarian parte hartzen nuen eta taldeko besteak oso ezagunak nituen, parranda girotik eta. Juanlu Aranburuk esan zidan hasteko, eta horrela sartu nintzen", kontatu du. Urretxu-Zumarragako musika eta kultur girora jo beharra dago, hain zuzen ere, taldearen sorburua topatzeko; eta 1990eko hamarkadan giro hartan murgilduta zebiltzan batzuek Pako Aristi idazle eta musikariarekin egin zuten hartu-emanean bilatu behar da Bentazaharreko Mutiko Alaiek Urrestillarekin duten bi hamarkadatik gorako lotura estua.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.