Jon Larrañagak IMHko Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria jaso du

Uztarria.eus 2018ko eka. 15a, 14:28

Elgoibarko IMH Fabrikazio Aurreratuaren Zentroak ikasturte amaierako ekitaldia egin zuen atzo, osteguna, eta aurtengo IMH Sariak banatu zituzten bertan. Horien artean, azpeitiar bat izan zen saritua: hain zuzen ere, Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria jaso zuen Jon Larrañagak, "egindako ibilbide profesional eredugarriagatik".

IMHn Mekanikoaren Produkzioaren Programazioko heziketa zikloa ikasi zuen Larrañagak. Makinekin hasi zen lanean, eta, gero, produkzioaren kudeaketara egin zuen salto. Ondoren, jubilatzear ziren enpresa txiki bateko jabeei lantegia erosi zien, eta lau urte daramatza erronka berrian murgilduta. IMHk haren "ekintzailetza, kemena, bere buruan sinesteko ahalmena eta oztopo guztien gainetik ametsari eutsi izana" saritu nahi izan ditu.

Sari gisa, Makina Erremintaren Museoko Besarkada oroigarria eta talasoterapiara joateko bi lagunentzako bonua eskuratu ditu Larrañagak.

IMHren bideo honetan, azpeitiarraren ibilbidea errepasatu dute.