Inoiz baino upategi gehiago izango da zapatuan, III. Txakolin Egunean

Uztarria.eus 2018ko eka. 13a, 15:42
Ruth Mozo, Ainhoa Beristain eta Mikel Ibartzabal zinegotziak eta Maria Luisa Alberdi. (Maialen Etxaniz)

Getariako Txakolina jatorri izeneko hamazazpi upategitako edariak dastatzeko aukera izango da zapatuan Perez Arregi plazan. Txakolina ez ezik, bildotxa eta Idiazabal gazta dastatzeko aukera egongo da.

III. Txakolin Eguna ate joka dago. Datorren zapatuan, hilak 16, ospatuko da Txakolin Eguna hirugarren urtez jarraian Azpeitian. Iaz plazan egin bazuten ere, aurten Perez Arregi plazara itzuliko da txakolinaren bueltan antolatutako festa. Bertaratzen direnek Getariako Txakolina jatorri izeneko hamazazpi upategitako edariak dastatzeko aukera izango dute 11:30etik 14:30era bitartean. Iaz bezala, aurten ere Udalak eta Getariko Txakolina izendapena duten upategiek antolatu dute hitzordua. Antolaketa lanetan lagunduko dute Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeko kideek. 

Inoiz baino upategi gehiago animatu da Txakolin Egunera aurten, eta honako hauek dira zapatuko festan parte hartuko dutenak: Agerre, Aizpurua, Akarregi Txiki, Amestoi, Arbela, Arregi, Basalore, Elkano, Flysch, Gaintza, Mokoroa, Rezabal, Roke Eizagirre, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urkizahar eta Zudugarai. Ruth Mozo Getariko Txakolina jatorrizko izendapena duten edarien idazkari nagusiak azaldu duenez, elkartearen helburua da Txakolin Eguna kostako herrietatik barrualdeko herrietara zabaltzea. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, orotara 800 txakolin botila inguru ekarriko dituzte zapatuan Azpeitira. Txakolina edateko kopak 5 euro ordaindu beharko dira, eta kopa erosten dutenek bost txakolin edateko txartela eskuratuko dute. 

Jatekoa ere bai

Protagonista txakolina izango bada ere, jatekorik ez da faltako zapatuan. Burruntzian erretako bildotxa eta Idiazabal jatorriko lau gazta dastatzeko parada izango dute Perez Arregi plazara hurbiltzen diren herritarrek. Hamasei bildotx erreko dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta Karlos Ibarrondo sukaldaria arduratuko da horiek prestatzeaz. Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak adierazi duenez, iaz "izugarrizko arrakasta" izan zuten bildotx pintxoek, eta aurten inoiz baino gehiago prestatuko dituzte, 1.500 pintxo, hain zuzen. Perez Arregira bertaratuko diren lau gaztagileetako bat da Berasategi baserriko Maria Luisa Alberdi. Horrelako hitzorduetan parte hartzea "garrantzitsua" dela dio: "Guk festa eta hitzordu askotan parte hartu dugu urtero, hala nola Santio egunean eta Ardo Egunean. Horregatik izango gara zapatuan Txakolin Egunean, herritarren aurrean agertzea garrantzitsua baita". 

Aire Ahizpak arduratuko dira Perez Arregi plaza girotzeaz txakolinaren festak irauten duen bitartean. Ibarzabalek herritarrak animatu nahi izan ditu zapatuko hitzordura: "Egun jendetsua izango dela espero dugu. Txakolin Eguna izateaz gain, Orkatz kultur elkartearen urteurren festa ere izango da. Ea eguradiak laguntzen duen, eta jendea ekintzetan parte hartzera animatzen den".