Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka egingo dute etzi Azoka Plazan

Uztarria.eus 2018ko eka. 12a, 15:20
Iazko edizioaren taldeko argazkia. (Iraurgi Berritzen)

Azpeitiko eta Azkoitiko DBHko eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar egin dituzten sei proiektu aurkeztuko dituzte azokan.

Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka antolatu du bigarren urtez ostegunerako, bailarako gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko asmoz. Azpeitiko Azoka Plazan egingo dute azoka, eta Azkoitiko eta Azpeitiko DBHko eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte han.

Hainbat alorretako sei proiektu plazaratuko dituzte ikasleek: Basoen dibertsitatea, Kristalografia, Erreakzio kimikoak, Ibaien ekologia, Prototipogintza eta Metodo zientifikoa. Azokak 12:00etan zabalduko ditu ateak, eta gazteak 12:15ean hasiko dira proiektuak aurkezten. Ordubete geroago, berriz, diplomak banatuko dizkiete, eta taldeko argazkiarekin eta agurrarekin amaituko dute egitasmoa.

Aurtengo edizioak zenbait berrikuntza izan du, eta bi fasetan garatu dute. Batetik, zientziari eta teknologiari lotutako irakasleek mintegi bat jaso dute, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeko, besteak beste. Bigarren fasean, berriz, mintegietan jasotakoa praktikan jarri dituzte, ikasleekin proiektuak aurrera eramateko. Eluyar Fundazioak gidatu ditu proiektuak, eta bailarako hamar irakasle eta 200 ikasle inguruk parte hartu dute lan horietan.

Iraurgi Berritzenek IB Sarearen Hezkuntza Gunearen barruan egin du ekimena, eta horren fruituak plazaratuko dituzte etziko azokan. Honako ikastetxe hauek osatzen dute Hezkuntza Gunea: Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Iraurgi ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Urola ikastolak.