Ekainaren 10eko giza katea

Azpeitiko Gure Esku Dagok "balorazio oso positiboa" egin du giza kateaz

Uztarria.eus 2018ko eka. 12a, 13:08

Azpeitiko, Beizamako eta Errezilgo bizilagunak Getarian izan ziren igandean, Gure Esku Dagok deitutako giza katean. Guztien artean lau kilometro osatzea zegokien, eta, denera, 1.593 herritar bildu ziren.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin bat egin zuten igandean hainbat herritarrek. Gure Esku Dago mugimenduak deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen 201,9 kilometroko giza kateak, eta herritar ugari izan zen bertan. Zapiak esku artean hartu eta bat egin zuten guztiek, kate luze-luze bat eratuz.

Azpeitiko, Beizamako eta Errezilgo bizilagunak Getarian izan ziren igandean; guztien artean lau kilometro osatzea zegokien, eta, denera, 1.593 herritar bildu ziren. Guztira, hamabi autobus atera ziren anbulategi aurretik. Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak giza katearen balorazio "oso positiboa" egin du: “Lan asko eskatu du giza katea antolatzeak, baina oso polita atera zen".