Ekainaren 10eko giza katea

Erabakitzeko eskubidearen aldarria, itsasertzetik lau haizetara

Uztarria.eus 2018ko eka. 10a, 16:00

Gure Esku Dago mugimenduak deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu dituen 201,9 kilometroko giza katea osatu dute 175.000 lagunek baino gehiagok –sustatzaileen datuen arabera– gaur, ekainak 10. Egitasmoarekin bat egin dute 1.500 azpeitiarrek baino gehiagok. Anbulatorio aurrean elkartu dira denak, eta hamabost autobus bete dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoarekin bat egiteko. 10:00etan hasi dira iristen Urola Kostako herrietatik irten diren autobusak ibilbidean bakoitzari zegokion kilometrora. Azpeitiarrek Zumaia eta Getaria lotzen dituen errepidean bete dute beren lekua. Eguzki epeletan eta jai giroan igaro dute goiza, erlojuak 12:00ak noiz joko zain. Ordu horretan hasi da giza katea. Haur eta heldu, gazte nahiz adineko, denek festa giroan eman diote bide Gure Esku Dagoren aldarrikapenari.

Gasteizen amaitu da giza katea, eta han hitza hartu dute Gure Esku Dagoko ordezkari Jone Amonarrizek eta Angel Oiarbidek. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren hurrengo erronkak iragarri diuzte biek, eta esan dute "aro berri baten hasiera" izan dela gaurko giza katea. "Ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari gara gaur Euskal Herrian. Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria. Gaur milaka eta milaka herritarrok inoiz baino argiago erakutsi dugu elkarrekin, herri honen etorkizun politikoa erabaki nahi dugula. Erabakitzeko beharra daukagula. Eta milaka arrazoi ditugula, maila pertsonalean zein kolektiboan gure bizitzetan zuzenean eragiten digutenak, gure etorkizunaz hitza hartu nahi izateko. Horregatik, ez gara soilik mobilizatu erabakitzeko eskubidearen alde. Demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ere eman diogu eskua elkarri. Eta amesten dugun etorkizunari begira jarri gara, gaurtik bertatik eraikitzeko". 

Azpeitiarrek gaur goizeko giza katean ateratako irudien laguntzaz osatutako argazki bilduma da honako hau. Argazkiak Uztarriara bidaltzeko, idatzi mezu bat uztarria@gmail.com helbidera.