Meliton Rodriguez: "Gaur egun txapelketa erreferentea da Azpeitia Cup; Europan ere bai"

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 8a, 14:04
Meliton Rodriguez, Azpeitia Cup-eko antolatzailea. (Kris Fernandez)

Gaur hasi eta igandera bitartean kimu mutilen Azpeitia Cup futbol txapelketak hartuko ditu Garmendipeko futbol zelaiak. Datorren asteburuan, berriz, infantil nesken txanda izango da. Rodriguez da antolatzaileetako bat.

Ate joka da aurtengo Azpeitia Cup txapelketa, eta urtero legez, gogotsu dabiltza prestaketa lanetan Meliton Rodriguez (Quintana de la Serena, Extremadura, Espainia) eta antolakuntzaz arduratzen den lantaldea. Mugikorra jo eta jo ari zaio egunotan Rodriguezi, eta une batez itzali egin du HITZAren galderei erantzuteko.

Txapelketa gerturatzen ari dela eta, urduri al zaude?

Pixka bat. Lan asko dugu egiteko azken egunotan. Talde guztiak deika ari zaizkigu azken momentuan, eta dena ondo antolatzea nahi dugu. Baina tira, lan horiek eginbeharrekoak dira, eta gainera, gustura egiten ditugu.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo txapelketatik?

Batetik, txapelketa nazioartekoa bilakatu dela. Bestetik, kimuen mailan, parte hartze altua nabarmenduko nuke, inoizko partaide kopuru handiena izango baitugu aurtengo txapelketan: mutilen txapelketan 40 talde ariko dira lehian, eta 35 nesketan. Eskaera gehiago ere izan ditugu, eta 50 taldeko txapelketa izatera iristeko aukera izan dugu, baina ezinezkoa izan zaigu denak onartzea.

Nazioarteko taldeen parte hartzeak salto kualitatiboa ematea eragin dio txapelketari. Nolatan sortu zen atzerriko taldeek parte hartzeko aukera?

Gure helburua hasieratik izan da Espainiako Lehen Mailako 20 taldeetako harrobiak ekartzea, eta hori lortu dugu. Beste helburuetako bat zen nazioarteko taldeak ekartzea; ilusio hori betidanik nuen. Talde askorekin ditut harremanak, eta Valladolideko Iscar Cup txapelketatik deitu zidaten Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak Azpeitian jokatzeko interesa agertu zuelako. Gure aldetik arazorik ez zegoenez, gonbidatu egin genituen. Bai beraiek eta bai gu, oso gustura gaude.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean