Loiola nazioartean ezagutarazteko plan estrategikoa garatzeko inkesta abiatu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko eka. 7a, 20:28

Egitasmoaren helburua da "Loiolaren eta Azpeitiaren izenari, izanari, ondareari eta balioei garrantzia ematea eta turismo jasangarriaren bidez Loiola ezagutaraztea". Egitasmoan interesa dutenek Internet bidez, Loiolako turismo bulegoan eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoan bete dezakete galdetegia. Udalak prestatutako inkesta hori betetzera animatu nahi ditu herritarrak.

"Loiola helmuga turistiko gisa nazioartean ezagutarazteko plan estrategikoa" lantzen hasi da Azpeitiko Udala. Deustuko Unibertsitateak gidatuko du plan estrategikoa. Egitasmoaren helburua da "Loiolaren eta Azpeitiaren izenari, izanari, ondareari eta balioei garrantzia ematea eta turismo jasangarriaren bidez Loiola ezagutaraztea".

Ekintza planaren oinarriak hiru dira: Loiola baliabide berezi bihurtzen duten balioak ezagutzera eman, indartu, babestu eta bermatuko dituen ekintza plan bat identifikatzea; prozesu inklusibo eta parte hartzailea izatea eta jasangarritasuna eta turismo arduratsu baten ildotik plana definitzea".

Oinarri horietatik abiatuta, plan estrategikoa osatzeko azpeitiarren iritzia jaso nahi du Udalak, eta Loiolaren inguruko inkesta bat prestatu du, herritarrei zuzenduta. Egitasmoan interesa dutenek Internet bidez, Loiolako turismo bulegoan eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoan bete dezakete galdetegia.

Udalak prestatutako inkesta hori betetzera animatu nahi ditu herritarrak. Izan ere, erakundearen arabera, turismoaren inguruko estrategia garatzeko orduan "garrantzitsua" da herritarren ikuspuntua. "Inkesta oso sinplea da, ohiko datuez gain, herritarrak Loiolara joateko duten ohituraz hainbat galdera egiten dira bertan", azaldu du Udalak.