Deus Ez eta Voltaia taldeen kontzertuak izango dira igandean, Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko eka. 8a, 11:30
Zumaiako Voltaia taldea. (Badok)

Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan eskainiko dituzte zuzenekoak, 19:00etan hasita.

Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan, bi musika emanaldi izango dira igandean, Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen ere, Deus Ez eta Voltaia taldeak ariko dira zuzenean, 19:00etan hasita.

Gipuzkoako hiru musikarik osatutako taldea da Deus Ez, eta euskaraz abesturiko rock alternatiboa ekoizten dute. 2016an sortu zuten taldea, aurrez talde ezberdinetan jotzen zuten hiru musikari elkartuta: Eric (gitarra eta ahotsa), Alex (baxua) eta Koldo (bateria) dira taldekideak. 2017ko udan lehen diskoa grabatu zuten, Deus Ez izenekoa. Autoekoitzitako lana da hori, eta hamar abestiz osatuta dago; rock, punk edota metal estiloak aurki daitezke bertan, melodia zainduekin eta indartsuekin.

Bestalde, Zumaiako hiru musikarik –Unai Eizagirre (baxua eta ahotsa), Pablo Sanchez (bateria) eta Ion Brakamonte (gitarra)– osatzen dute Voltaia, eta stoner-rock doinuak taularatuko dituzte. Otsailean atera zuten argitara Erortzen azken lana, eta aurkezpen bira egiten ari dira Euskal Herriko hainbat txokotan.