Biometanoa berrerabiliz energia berriztagarriak sortzeko prototipoa ezarriko dute Lapatxen

Uztarria.eus 2018ko eka. 5a, 20:50

Zabortegian sortzen den biometanoa erre egiten dute orain, eta gas hori berrerabiltzeko aukerak sortzea eta gas berriztagarria sare nagusira bideratzea da proiektu berriaren xedea. Uztailean iritsiko da prototipoa Lapatxera. Udalak dioenez, "energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa" egin dute Lapatx itxi zenetik gaur arte. 

Itxita egonagatik, ez dira mugimenduak gelditu Lapatx zabortegian. Biometanoa berrerabiliz energia berriztagarriak sortzeko prototipoa ezarriko dute bertan. Gaur jakinarazi du berria Azpeitiko Udalak. Erakundearen hitzetan, Lapatx "energia berrerabiltzeko eta hondakinen balioa handitzeko zentro bilakatzeko apustua" egin dute zabortegia itxi zenetik gaur arte. Ezarriko duten prototipoarekin, energia berriztagarrien aldeko bidean beste urrats bat egingo dutela nabarmendu du Udalak.

Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, zabortegian sortzen den biometanoa erre egiten dute orain, eta proiektu berriarekin lortu nahi dutena da  "gas hori berrerabiltzeko aukerak sortzea". Nortegas enpresak egingo du gasa garbitu eta gas natural berriztagarria sortzeko eta hori sare nagusira bideratzeko prototipoa. "Proiektu interesgarria iruditzen zaigu, eta zer hobeto horrelako prototipo bat Lapatxen ezartzea baino", adierazi du Bereziartuak. 

Prototipoa ezartzen dutenean "gasa ahalik eta ondoen garbitzeko" probak egingo dituztela azaldu du Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. "Biometanoa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko teknologiarik eta modurik onena bilatzea da gure helburua, horretarako dauden kalitate neurri guztiak pasatu ostean, garbitutako gasa sare nagusira txertatzeko", gaineratu du Bereziartuak.

Nortegasek Lapatxen ezarriko duen prototipoak sari bat jaso du International Gas Unionen (IGU) eskutik. Azpeitiko Udalak esan duenez, Gasa eta Berriztagarriak saileko Berrikuntza arloko aipamena da Nortegasek jaso duena. 

Azpeitiko Udalaren hitzetan, biometanoa energia berde edo berriztagarri gisa "indarra hartzen" ari da Europako hainbat txokotan: "Europako Batasunak biogasa indartu nahi du alternatiba moldagarri eta jasangarria delako, eta negutegi efektua eragiten duten gasen emisioa murrizten laguntzen duelako".

2016ko azaroaren 26an jaso zituen Lapatxek azken errefusa hondakinak. Handik hilabete batzuetara hasi ziren Azpeitiko zabortegia behin-betiko ixteko lanak.