Martxan da Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzua

Uztarria.eus 2018ko eka. 4a, 14:02

Udaletxeko lehen solairuan egokitu dute herritarrei arreta eskaintzeko bulegoa. Zerbitzu berriaren xedea da herritarrei arreta "integrala eta zentralizatua" eskaintzea eta administrazio prozedurak arintzea. Bulegoak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean. Astegunetan 07:30etik 15:30era irekiko dute eta zapatuetan 09:00etatik 12:30era.

Gaur ireki ditu ateak Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoak. Aurrerantzean bertan erantzungo diete herritarren zalantzei eta eskari administratiboei. Hilabeteotan obrak egin ostean, udaletxeko lehen solairuan egokitu dute HAZ. 

Zerbitzu berriarekin herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea nahi du erakundeak, baita Udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea ere. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, xedea da "herritarrei arreta integrala eta zentralizatua" eskaintzea: "Herritarren behar, tramite edo zerbitzu orori leku bakar batean erantzungo zaio. Harreran egongo diren pertsonek hartuko dituzte herritarrak, eta haiek erantzungo diete herritarren beharrei".

Udalaren hitzetan, "tramite sinpleenak nahiz teknikariekin hitz egin beharreko kontuak" arreta zerbitzuetako bulego berrian egingo dira, herritarrekin "kontu pertsonalak" jorratzeko bulego berezi bat egokitu dutelako. Horrenbestez, zerga kontuak egitera ez da kontuhartzailetzara joan beharko. Hirigintzako obra baimenak ere bulego berrian egin beharko dira, gaurtik aurrera itxi egingo baitute Hirigintza Zerbitzuetara bideratutako atea. Gizarte Zerbitzuen Saila izango da aldaketarik izango ez duen bakarra. "Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen intimitatea bermatu nahi dugu; hitzordu pertsonal asko izaten dituzte, eta ohiko funtzionamenduarekin jarraitzea erabaki dugu", zehaztu du Elduaienek. 

Diru bilketari lotutako arretan nabarituko dira aldaketarik handienak. Izan ere, aurrerantzean posible izango da udaletxean ordainketa helbideratzea, zorrik ez edukitzearen ziurtagiriak jasotzea, ordainagiri bikoiztuak lortzea nahiz autolikidazioak eta ordaindu gabe dauden ordainagiriak kudeatzea. "Orain artean ordaindu gabeko fakturak banketxeetan ordaindu eta ziurtagiria ekarri behar izaten zen udaletxera. Hemendik aurrera bertan ordaintzeko aukera izango da, eta askoz ere rosotasun handiagoa izango da herritarrentzat", adierazi du Elduaienek. 

Bulegoak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean. Astegunetan 07:30etik 15:30era irekiko dute eta zapatuetan 09:00etatik 12:30era.

Honako hauek dira Herritarren Arreta Zerbitzuak jorratuko dituen ildoak: 

  • Agiriak erregistratzea.
  • Biztanleen Udal Errolda: erroldan alta eta aldaketak, errolda-agiriak, errolda (bizilekuen) ziurtagiriak eskatzea eta ziurtagiriak jasotzea. Herritarrei gogorarazten zaie datuen babeserako legea dela eta, agiri hauek norberak bereak bakarrik eskatu ditzakeela, eta besteren batean eskatzeaz baimen berezia ekarri behar dela sinatuta.
  • Diru-laguntza eskariak erregistratzea.
  • Obra baimenen eta jarduera lizentzien eskariak, baita jarduerak irekitzeko aurrekomunikazioak erregistratzea ere.
  • Lan eskaintza publikoetan parte hartzeko eskaerak aurkeztea.
  • Udalaren eta herritarren informazioa (Udalak ematen dituen zerbitzuak, udal jarduerekin zerikusia duten agiriak eman, deialdiak...).
  • Udal argibide-eskaerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzara zuzendutakoak, eurekin daukagun hitzarmena dela eta.
  • Kexa, iradokizun eta matxurak aurkeztu.
  • Ondasunen eta eskubideen gaineko kalteak erreklamatzea.
  • Administrazio-tramiteei buruzko informazioa ematea eta tramiteak hastea: baldintzak, dokumentazioa.
  • Diru-bilketa: ordainketak helbideratu, zorrik ez edukitzearen ziurtagiriak, ordainagiri bikoiztuak, autolikidazioak, eta ordaindu gabe dauden ordainagiriak kudeatu.
  • Katrastoaren kudeaketa.
  • Plusbaliaren kudeaketa.
  • IMSERSOko opor programaren kudeaketa.

Udazkenetik aurrera administrazio elektronikoa

Administrazioa azkartu, eguneratu eta eraginkorragoa egitera bidean, "pauso garrantzitsua" da HAZ abian jartzea Udalarentzat. Bide horretan beste urrats bat egitera doazela aurreratu du erakundeak: udazkenean administrazio elektronikoa jarriko dute martxan udaletxean. Horrela azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Administrazio elektronikoak aurrerapauso eta erosotasun ugari ekarriko dizkie herritarrei, aurrez aurreko zerbitzuaz gain Internet bidez tramite guztiak egiteko modua izango dutelako, edozein ordutegitan eta egunetan". Hori martxan jartzeko lanean "buru-belarri" ari da Udala, Bereziartuak esan duenez. Zerbitzu horren inguruko informazioa aurrerago jakinaraziko dutela esan du Bereziartuak, eta azpimarratu du "herritarrek behar adinako informazio guztia" izango dute eskura zerbitzua abian jarri aurretik.