Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalerako sarrerak zozkatuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2018ko mai. 31a, 13:23

Parte hartzaileek bihar 12:00ak bitartean eman behar dute izena Azpeitiko Udaletxean. Udalak bost sarrera bikoitz banatuko ditu herritarren artean.

 

Igandean, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan, eta han lehiatuko dira Mikel Larrañaga, Aitozr Atxutxa Atutxa II.a eta Iker Vicente, 12:00etatik aurrera. Finala ikusteko bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azpeitiko Udalak, eta herritarrek bihar bitartean izango dute zozketan izena emateko aukera.

Bihar 12:00ak arte eman behar da izena, udaletxera deituta (943 15 71 85) edo udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat utzi behar dute parte hartzaileek, eta udalak bihar eguerdian bertan emango du saridunen berri.

Gainera, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalaz gain, beste lau final jokatuko dituzte. Batetik, aizkolari gazteak ariko dira nor baino nor. 23 urtez azpikoen mailan, Joxean Etxeberria Etxeberria II.a Julen Larrea Larrea III.aren aurka ariko da, eta 19 urtez azpikoen mailan, Unai Zabala eta Xuban Kañamares izango dira aurrez aurre. Bestetik, harri-jasotze probak izango dira. Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala Xabier Peñak eta Imanol Albizu Goikoetxek Imanol Illarramendi Kortaberriren eta Mikel Lopetegi Urraren aurka jokatuko dute. Horrez gain, Emakumezko Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala ere jokatuko dute aurten lehen aldiz Azpeitian: Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola nor baino nor ariko dira Raquel de la Calle eta Julia Martinez espainiarren aurka.