"Lehia estua" espero dute Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalean

Uztarria.eus 2018ko mai. 30a, 19:43
Aizkolariak, txapelketaren antolatzailea eta udal ordezkariak.

Mikel Larrañagak, Iker Vicentek eta Aitzol Atutxak jokatuko dute finala, igandean, 12:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Gazteen aizkorako finalak eta gizon nahiz emakumeen Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finalak ere jokatuko dituzte.

Ekainarekin batera iritsiko da herri kirol munduko hitzordu garrantzitsuenetako bat: hain zuzen ere, XXI. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala jokatuko dute igandean, ekainak 3, Izarraitz pilotalekuan. Iazko txapelduna –Aitzol Atutxa Atutxa II.a– eta iazko azpitxapelduna –Iker Vicente– izango dira finalistetako bi, eta haiekin batera, lehiakide berri bat izango da hirukotea osatuko duena: Mikel Larrañaga. Izan ere, aizkolari azpeitiarrak lehen aldiz jokatuko du final hori. Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzailearen arabera, azken boladan "gorakada handia" egin duen kirolaria da Larrañaga.

12:00etan hasiko da lehia, eta hainbat lan egin beharko dute aizkolariek: erlojuaren kontra arituko dira aurrena, egurra zutik ebakiko dute jarraian, abiadura probak egingo dituzte ondoren, eta, amaitzeko, egurra etzanda ebakiko dute. Kirolari bakoitzak bere egurrak eramango ditu probara.

Hiru aizkolariek aurreikusten dute "lehia estua" izango dela finalean, eta ez dira ausartu faboritoaren izenik ematera. Atutxak uste du "final polita" izango dela. "Denetarik izango da, eta aspertzerik ez da egongo". Hirurak "sasoi betean" daudela uste du hark, "oso ondo" ikusi baititu aurkariak finalaurrekoetan: "Iker Vicente nagusitasun osoz sailkatu zen, eta Larrañagak aurrea hartu zidan Leitzan jokatutako finalaurrekoan". Haren arabera, aurreneko probetan zaila izango da finala erabakitzea, eta azken lanera "freskoen" iristen denak izango ditu irabazteko aukerak. Horrez gain, azaldu du Azpeitira "gustura" etortzen dela. "Banakako finala zortzigarren urtez jarraian jokatuko dut, eta bikoteka beste hainbeste jokatutakoa izango naiz. Ez dakit lehen postuan amaituko dudan; bigarren sailkatu naizen finalak izan dira, baina hirugarren ez naiz sailkatu inoiz, eta, agian, aurten izango da hirugarren egiteko urtea".

Vicentek azaldu du "nahikoa ondo" iritsi dela finalera. Dena den, bi aurkariak "oso indartsu" ikusten ditu. "Biak oso konpletoak dira eta onenean daude". Hala ere, bere burua "oso ondo" ikusten du. "Iaz ez nuen txapela irabaztea lortu, eta aurten gustatuko litzaidake finala irabaztea". Proba guztietan gustura aritzen dela dio, baina egurrak zutik ebakitzen azkenaldian gustura dabilela azaldu du, eta lan horiek ongi egin ditzakeela uste du.

Larrañagak ere "nahikoa ondo" ikusten du bere burua. "Pentsatzen dut lan txukuna egingo dudala. Bi aizkolari handi horiei kontra egitea zaila izango da, baina ahalegin dena egingo dut. Zutikako probetan ni baino hobeto moldatzen dira, eta etzandakoetan saiatu beharko dut nik. Baina ahal dudana egingo dut, ez dago besterik". Dena dela, zutikako modalitatean entrenatzen aritu dela eta "lehen baino hobetoxeago" moldatzen dela uste du. Ez du bere burua faboritotzat: "Faboritoa beste bien artean egongo dela uste dut".

Beste lau final

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalaz gain, beste lau final jokatuko dituzte igandean. Batetik, aizkolari gazteak ariko dira nor baino nor. 23 urtez azpikoen mailan, Joxean Etxeberria Etxeberria II.a Julen Larrea Larrea III.aren aurka ariko da, eta 19 urtez azpikoen mailan, Unai Zabala eta Xuban Kañamares izango dira aurrez aurre.

Bestetik, harri-jasotze probak izango dira. Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala Xabier Peñak eta Imanol Albizu Goikoetxek Imanol Illarramendi Kortaberriren eta Mikel Lopetegi Urraren aurka jokatuko dute. Horrez gain, Emakumezko Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala ere jokatuko dute aurten lehen aldiz Azpeitian: Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola nor baino nor ariko dira Raquel de la Calle eta Julia Martinez espainiarren aurka.

'Geuresport' aldizkaria

Bada beste berritasun bat ere herri kirolen munduan. Hain justu, Geuresport aldizkaria kaleratzen hasi da Egursport taldea. Jon Leunda da aldizkariaren zuzendaria, eta hark azaldu duenez, "behar bati erantzuteko" asmoz sortu dute agerkaria. "Prentsan herri kirolen inguruko albisteak ateratzen dituzte tarteka, baina gai horiei jarraipena ematea nahi genuen guk. Egia esan, aspaldiko ametsa zen aldizkaria". Hamasei orrialde izango ditu argitalpenak, eta hilean behin kaleratuko dute; lehen alea, aste honetan bertan.

Denetarik landuko dute aldizkarian: aizkora, sega, harri-jasotzea... Besteak beste, txapelketetako emaitzak, albisteak, argazkiak eta iritzia landuko dituzte. Tabernetan eta herri kirolei lotutako guneetan utziko dituzte aleak, jendeak doan irakur ditzan. Euskaraz idatziko dituzte eduki gehienak, baina gaztelaniak eta ingelesak ere izango dute presentzia, "ahalik eta irakurle gehienengana" iritsi nahi dutelako. Aurrera begira, euskarri digitala kaleratzea eta sare sozialetan presente izatea aztertzen ari dira.