Sanjuandegiko festak 2018

Inoiz baino bikote gehiagok parte hartuko dute Sanjuandegiko VI. Trikiti Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko mai. 30a, 10:43
Eider eta Lierni Tolosa ahizpek jantzi zuten txapela iaz.

18 urtez azpiko zazpi bikote gaztek parte hartuko dute zapatuan jokatuko den Sanjuandegiko VI. Trikiti Txapelketan. Jaialdia festetarako muntatuko duten karpan izango da, 17:00etan hasita. Gaur, berriz, bertso afaria izango da Baigera IIn, Unai Agirre eta Nerea Ibartzabal bertsolariekin. 

Sanjuandegiko festekin batera iritsiko da auzora XJ Auzolanean batzordeko kideek jaien barruan antolatu ohi duten Trikiti Txapelketa. Aurten, sariketa hori antolatzen duten bosgarren urtea da, eta inoiz baino indartsuago dator. Izan ere, inoiz baino pandero jotzaile eta soinu jotzaile gehiago izango dira oholtza gainean. Hain zuzen, 18 urtez azpiko zazpi bikote gaztek parte hartuko dute Sanjuandegiko VI. Trikiti Txapelketan. Jaialdia festetarako muntatuko duten karpan izango da, 17:00etan hasita. 

Honako bikote hauek lehiatuko dira Trikiti Txapelketan:

  • Eider Garro, 14 urte (Hernani) soinu jotzailea eta Haraitz Elizalde pandero jotzailea, 14 urte (Hernani)
  • Ianire Segurola, 13 urte (Hernani) soinu jotzailea eta Elaia Diaz pandero jotzailea, 13 urte (Astigarraga)
  • Intza Ilarramendi, 12 urte (Zestoa) soinu jotzailea eta Maria Ilarramendi pandero jotzailea, 9 ute (Zestoa)
  • Nahia Dorronsoro, 15 urte (Bidania) soinu jotzailea eta Iraia Arteaga pandero jotzailea, 15 urte (Urrestilla)
  • Araitz Etxaniz, 13 urte (Azkoitia) soinu jotzailea eta Enaitz Alberdi pandero jotzailea, 12 urte (Azpeitia)
  • Ane Arrizabalaga, 14 urte (Legazpi) soinu jotzailea eta Ane Urzelai pandero jotzailea, 15 urte (Legazpi)
  • Julen Labaka, 15 urte (Errezil) soinu jotzailea eta Garazi Larrañaga pandero jotzailea, 15 urte (Azpeitia)

Iaz, Eider eta Lierni Tolosa ahizpa hernaniarrek jantzi zuten txapela eta Aitor Uzkudun errezildarra eta Naiara Urresti getariarra sailkatu ziren bigarren. 

Bertso afaria, gaur gauerako

Zapatuko hitzorduaren aurretik, baina, izango da ekintzarik Sanjuandegin. Gaur, asteazkena, bertan izango da aurrenekoa: bertso afaria Unai Agirrerekin eta Nerea Ibartzabalekin. Baigera IIko tabernan izango da afaria, 21:00etan hasita, eta txartelak 20 euroren truke eskura daitezke Orkatz, Kantoi eta Jim Clark tabernetan.