Espetxean sartu dute duela 20 urte ustez Azpeitian emakume bat bortxatu zuen gizona

Uztarria.eus 2018ko mai. 28a, 12:55

Duela aste batzuk atzeman zuten erasotzailea Frantzian, eta Espainiako Poliziaren esku utzi zuten. Martutenen espetxeratuta, Gipuzkoako Auzitegiak uztailaren 11rako jarri du epaiketarako eguna. Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du ustezko erasotzailearentzat, 1998ko gertaerengatik. Gainera, isun ekonomikoa ere eskatzen du Fiskaltzak harentzat.

Duela 20 urte Azpeitian emakume bat bortxatzeagatik eta Bergaran beste bati erasoa egiteagatik auziperatuta zegoen gizon bat Martuteneko espetxean sartu dute, behin-behinean, epaiketa egin bitartean.

Auzibidea urte hasiera aldean jarri zuten martxan, ustez erasotzailearena zen etxe baten arrastoa atera zutelako Frantzian. Epaiketa atzeratu egin zuten, Frantziako Poliziak ez zuelako lortu akusatua aurkitzea. Dena den, duela aste batzuk atzeman zuten erasotzailea Frantzian, eta Espainiako Poliziaren esku utzi zuten. Martutenen espetxeratuta, Gipuzkoako Auzitegiak uztailaren 11rako jarri du epaiketarako eguna.

Azpeitiko eta Bergarako erasoen akusazioa ez dago preskribatuta, akusatuak bere garaian ihes egin zuelako. Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du ustezko erasotzailearentzat, 1998ko gertaerengatik. Gainera, Azpeitian bortxatu zuen biktimari 15.000 euro eta Bergaran erasotu zuenari 6.800 euro ordaintzea ere eskatzen du Fiskaltzak.