500 neska-mutil inguruk parte hartu dute Iraurgiren V. Saskibaloi Topaketan

Uztarria.eus 2018ko mai. 28a, 13:20

Saskibaloiaren festa nagusitu da larunbat arratsaldetik igande arratsaldera bitartean Azpeitian. 2007an, 2008an eta 2009an jaiotako 500 neska-mutil inguruk parte hartu dute Iraurgiren V. Saskibaloi Topaketan. Guztira, 40 talde aritu dira lehian: Gipuzkoako, etxeko Iraurgi SBkoez gainera, Ordizia, Urretxuko Goierri, Easo eta Arrasateko Ointxe; Arabako, Amurrioko La Salle; eta, Bizkaiko, Durangoko Tabirako, Bilboko La Salle eta Balmaseda.

Larunbat arratsaldean hasi ziren mailaz maila norgehiagokak Kiroldegian, Urola Ikastolan eta Perdillegin. Igande goizean jarraitu zuten saskibaloi partidekin. Gero, denek elkarrekin Sanagustin kulturgunean bazkaldu zuten eta arratsaldean finalaurrekoak eta finalak jokatu zituzten. Sariak banatu ondoren, elkarrekin argazkia atera zuten kiroldegian.