Basilio Urbistondo gudari urrestildarra hil zen atzo, 100 urte zituela. 36ko gerran, Eusko Gudarosteko San Andres batailoian Errepublikaren alde borrokatu zuen Urbistondok, bere hiru anaiarekin batera. Gerra hastearekin batera egin zuen alde Urrestillatik. Lehenengo Zumaiara joan zen, eta gero Ondarroara. Kantabrian, preso hartu zuten, eta Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan gatibu izan zuten hamaika hilabetez. Afrikan ere izan zuten langile batailoian, Azpeitira itzultzeko aukera izan zuen arte.
Iaz bete zituen Urbistondok 100 urte, eta 2015ean, udalaren omenaldia jaso zuen urrestildarrak. Era berean, haren bizitzako hainbat pasarte jasota daude Ahotsak.eus webgunean, helbide honetan.
Urbistondoren aldeko hileta elizkizuna gaur, astelehena, egingo dute Urrestillako Jaunaren Gizakundearen elizan, 19:00etan hasita.