Festa giroa nagusi izan da Nuarben

Uztarria.eus 2018ko mai. 27a, 21:41

Urteko astebururik berezienaz gozatu dute Nuarben, Trinidade festekin. Atzo eta gaur hainbat ekitaldi eta hitzordu izan diituzte, nuarbetarrek zein bertara joan direnek, eta giro ederra nagusi izan da. Atzo arratsaldean, sokamuturrarekin eta zezen txikiekin jolasean aritu zen hainbat lagun, Zezen Beltz elkartekoen eskutik; eta gero, Azpeitiko Kantu-Jirakoek girotu zuten afalaurrea. Dozenaka lagun elkartu zen frontoian herri afarirako; tartean, gero kontzertua eman zuen Xabi Solano trikitilaria ere bai.

Ordu txikietaraino luzatu zen festak jarraipena izan du gaur, eguerdiko mezarekin eta ondorengo luntxarekin, eta Arratsaldean Ekaintxo pailazoaren emanaldiarekin. Iluntzean, Izer eta Alabier bikoteak jarriko du erromeria giroa. Baina trinidadeak ez dira gaur bukatuko. Bihar arratsaldean eta iluntzean ere izango da festa Nuarben: 17:30ean hasita, umeek jolasak, tailerrak eta txokolate jana izango dituzte aukeran, eta ondoren iritsiko da aurtengo festetako azken erromeria, Laja eta Narbaizarekin.