Tantaz tanta, olatua

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 14:48
Marea Urdinaren sustatzaileak Saturraran hondartzan. (Marea Urdina)

Autismoa gizarteratzeko, Marea Urdina egitasmoa sortu dute lau lagunek. Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatuko du hainbat igerilarik. Egitasmoaz erreportajea egin du Ihintza Elustondo kazetariak, maiatzeko Uztarria aldizkarirako.

Ur tantak elkartzean sor-tzen dira olatuak, eta olatuz olatu sortzen da itsasoa. Itsasoaren mugimendua, berriz, marea bilakatzen da, indar handiko ur multzoa. Halaxe, hasieran lau ur tanta baino ez zirena, Marea Urdin bilakatu da. Izan ere, oihartzun handia lortu duen arren, lau lagun baino ez daude Marea Urdina egitasmoaren atzean: Leire Zeziaga (Oñati, 1974), Aritz Orbegozo (Azpeitia, 1975), Pablo Dominguez (Ordizia, 1972) eta Julen Esteban (Azkoitia, 1973). Esteban Azpeitian bizi da, eta gainontzekoak herrian bizi izandakoak dira.

Azken boladan, egitasmoaren inguruko aldarriak entzun ahal izan dira han eta hemen, baina zer da zehazki Marea Urdina? Autismoa duten pertsonak gizarteratzea eta gaiaren inguruan sentsibilizazioa sortzea helburu duen herri ekimena da. Horretarako, 570 bat  igerilarik Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatuko dute erreleboak eginez, Saturrarandik Hondarribira. Uztailaren 7an eta 8an egingo dute zeharkaldia, eta, denen artean, 64 kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Korrikaren antzeko formula baliatu dute antolatzaileek autismoa gizarteratzeko. Etapaka banatu dute ibilbidea, eta igerilariek, lau eta zortzi lagun arteko taldeetan, kilometro kopuru jakin bat egingo dute; gero, hurrengo taldeari pasatuko diote lekukoa, eta haiek jarraituko dute ibilbidea. Dena den, zeharkaldiak baditu zenbait ezberdintasun Korrikarekiko: batetik, segurtasuna bermatzeko, ezin du edozein herritarrek igeri egin, parte hartuko duten igerilariak kirol horretan gutxieneko jakintza bat dutenak izango dira; eta, bestetik, gauez eten egingo da zeharkaldia. Lau etapa herrikoi ere izango dira, talde handiagoek parte hartuko dutenak. Azken igerilariak Hondarribira iristean, berriz, festa handi bat egingo dute zeharkaldiaren bukaera ospatzeko.

"Mundua ez da perfektua"

Autismoa garuneko gaitz bat da, eta, gutxi gorabehera, biztanleriaren %1i eragiten dio. Autismoa duen pertsona bakoitza ezberdina den arren, badituzte ezaugarri komun batzuk, Orbegozoren arabera: "Harreman sozialetarako arazoak izaten dituzte, ez dituzte ulertzen harreman sozialetako arauak, hizkuntzarekiko gabeziak izan ohi dituzte, mugimendu estereotipatu asko egiten dituzte, inguruko estimuluak gehiegizkoak egiten zaizkie eta blokeatu egiten dira, bakoitzak bere teknikak izaten ditu blokeo horretatik irteteko...".

Ez da kasualitatea autismoa gizarteratzeko proiektu bat antolatu izana Marea Urdinaren sustatzaileek. Izan ere, gaitz horrek elkartu du laukotea: Orbegozoren semeak autismoa du, Estebanen anaiak ere bai, eta Zeziagak eta Dominguezek aurreko biak lagunak dituztenez, modu batera ez bada bestera, denek bizi dute gertutik gaitza. Eta ez da kasualitatea kirol guztien artean igeria aukeratu izana ere, sentsibilizazioa sortzeko: lau sustatzaileak igerilariak edo igerilari ohiak dira.

 Behar bat sumatuta sortu zuten Marea Urdina, Orbegozok azaldu duenez: "Gizartean autismoarentzat leku bat aldarrikatzeko beharra sentitzen dugu. Nik lehen pertsonan bizi dut zein den egoera: badirudi gizarte honetan ateak beti daudela denontzat irekita, baina batzuentzat gutxiago zabalduta daude besteentzat baino. Nik bi ume ditut, bata 'normala' da eta besteak ezgaitasun bat du, eta ohartu naiz lehenak zer ate dituen irekita eta bigarrenak zenbat oztopo aurkitzen dituen bidean. Denok berdin ordaintzen ditugu zergak, baina konturatu naiz nire semea ezgaitasun bat izateagatik bigarren mailako herritarra dela. Ate normaletik sartu beharrean, beti atzeko ateak jotzen eta limosna eskean ibili behar izaten dugu. Eta zerbait ematen badigute, gainera, eskerrak eman behar izaten ditugu. Horren aurrean, beti ikusi izan dugu zerbait egiteko beharra".

Askotarikoak dira autismoa duten pertsonek eguneroko bizimoduan aurkitzen dituzten oztopoak. Marea Urdinaren sustatzaileen arabera, ez dituzte beste umeek izan ohi dituzten erraztasunak izaten kirol nahiz kultur ekintzetan parte hartzerakoan, ikastetxeetan... Horren aurrean, gizarteak ardura bat duela uste du Dominguezek: "Behar batzuk dituen pertsona batek elkarte batera jotzen duenean, nola erantzuten diogu? Guk behin eta berriz esaten dugu horixe dela ikusarazi behar dena: nola hartzen ditugu inguruan ditugun guztiak kirol nahiz kultur taldeetan, ikastetxeetan...".

Zailtasunak agerikoak diren arren, Orbegozok argi du egoera horri aurre egin behar zaiola. "Askotan, geu gara okerrenak; geuk ixten ditugu ateak: 'Guk ezin dugu hor izena-eman', pentsatzen dugu. Ezgaitasuna duen ume bat izan aurretik, mundu hau ezezaguna zen niretzat; iruditzen zitzaidan denok perfektuak ginela eta gizartea ondo zihoala. Antzerkira edo igeriketara joaten zara, eta ume denak zoragarriak dira. Eta non daude beste denak? Etxean. Zergatik? Ez dagoelako haientzako lekurik gizartean. Perfektua den gizarte bat ari gara erakusten, eta ez da: jende pila batek du ezgaitasunen bat. Eta haiek ere parte hartu nahi dute igerian, musika eskolan, antzerkian... edozer gauzatan. Orain, ez da hori posible, baina, gauza txiki batzuk eginda, bai. Herritarrek emandako pauso txiki batzuei esker nire semea txapelketa batean irten zen igerian, kros batean parte hartu zuen andereño batek bultzatuta...".

"Izugarrizko babesa"

Sare sozialak eta ahoz ahoko transmisioa tarteko, berehala izan du jendeak Marea Urdinaren berri, eta jende ugarik babestu du egitasmoa era batera ez bada bestera: bideoak grabatu dituzte batzuek, diruz lagundu dute proiektua besteek, eta asko eta asko izan dira Marea Urdinaren kartelaren atzean jarri eta argazkia ateratzera animatu diren herritarrak. Baina zer gertatuko da egitasmoa babestu duen jende horrekin guztiarekin aurrerantzean? Izan ere, Marea Urdina uztailaren 8an bukatuko da, itsas zeharkaldia amaitzen den egun berean, baina gero beste lan bat etorriko da, "askoz ere sakonagoa" izango dena.
Uztailaren 8ko aparra pasatzen denean, beste pauso batzuk ematea tokatuko da. "Gure asmoa da hemen mobilizatu diren emozio eta indar guztiak bateratzea, eta horiek ondo bideratzen asmatzen badugu, izugarria izango da. Izan ere, sekulako sarea osatu da Marea Urdinaren bueltan, ez genuen halakorik imajinatu ere egingo", azaldu du Dominguezek. Horregatik, babesa agertu duten taldeekin elkarlanean jarraituko dute aurrerantzean; elkarte horiei konpromisoa eskatuko diete Marea Urdinaren sustatzaileek. "Hau bukatzen denean, elkarte horietara joango gara, eta esango diegu: 'Gogoratzen al zarete gurekin?' Orain pausoak eman ditzazuen nahi dugu. Zer eskaintzen duzue behar bereziak dituzten umeentzat? Argazkia ateratzea baino zerbait gehiago baita Marea Urdina", adierazi du Orbegozok.

Gizartea sentsibilizatzea da Marea Urdinaren jomuga nagusia, gero horrek aurrerapausoak ekarriko dituela sinetsita. "Gure asmoa da orain jendearen barruraino iristea, eta gero haiek esatea: 'Egoera honen aurrean, erantzun egin behar dut nik!'", dio Dominguezek. Administrazioari zuzenean aldaketak egiteko eskatu beharrean, nahiago izan dute herritarrekin eskuz esku lan egin. "Uste dugu norbanako bakoitzak gauza asko egin ditzakeela autismoa duten pertsonek gizarte honetan leku bat izan dezaten. Guk nahiago izan dugu goitik behera joan beharrean, behetik lanean hasi", azaldu du Dominguezek.

Helburua: ateak zabaltzea

Proiektua martxan jartzeko, dirua patrikatik jartzea pentsatu zuten hasiera batean Marea Urdinaren sustatzaileek, baina egitasmoa handitzen hasi zenean, finantzaketa kolektibo kanpaina bat egitea erabaki zuten. Guztira, 5.000 euro bildu zituzten kanpaina hartan, eta horrekin hasi zuten proiektua. Itsas zeharkaldia antolatzeko beharrezko elementuak ordaintzeko baliatuko dute diru hori, eta, ondoren, zerbait soberan gelditzen bada, herrian inbertituko dute. "Zertan? Ezgaitasunaren inguruko ateak irekitzen", azaldu du Orbegozok.

Marea Urdinarekin bat egin nahi duenak badu oraindik horretarako aukera. Hain zuzen ere, www.mareaurdina.org webgunea zabaldu dute, eta sustatzaileekin harremanetan jartzeko aukera dago bertan. "Norbaitek berak egiten dakien horretatik lagundu nahi badu, jar dadila lasai gurekin harremanetan", azaldu du Dominguezek. "Gu lau lagun bakarrik gara, eta jendearen laguntzarik gabe, Marea Urdina ez litzateke posible izango", erantsi du Zeziagak. Izan ere, olaturik handienak ere, tantaz tanta sortzen dira.

ZEHARKALDIA

Non? Saturrarandik Hondarribira.

Noiz? Uztailaren 7an eta 8an.

Ordutegia? Zapatuan, 08:00-15:30, eta, igandean, 07:00-17:30.

Ibilbidea? 64 kilometro.

Nork? Igerian gutxieneko esperientzia duten 570 bat igerilarik parte hartuko dute zeharkaldian.

Zertarako? Autismoa gizarteratzeko.