Xoxoteko aterpetxeko ur zikinak garbitzeko fitoarazketa sistema ezarri du Udalak

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 14:23
Araztegiak aterpetxearen behekaldean jarri dituzte. (Azpeitiko Udala)

Aterpetxearen behekaldean bi araztegi txiki jarri dituzte. ur zikinak bi tratamendu jasotzen ditu, eta landareriak eta faunak ur hori garbitzen dute. Uraren egoera aztertzen dute araztegietarako sarreretan eta irteeretan, eta bi hilean behin egiten ari diren neurketen arabera, %99ko errendimendua du ura garbitzeko fitoarazketa sistema horrek. Kimu Bat enpresak egin ditu fitoarazketa sistema ezartzeko lanok.

Martxan da Xoxoteko aterpetxeko ur zikinak garbitzeko arazketa sistema naturala. Fitoarazketa sistema jarri dute bertan, eta modu horretan, uretako landareek hondakin uretan dauden elementu kutsagarriak murrizten edo desagerrarazten dituzte, prozesu biologiko fisiko-kimikoen bidez. Aterpetxearen behekaldean bi araztegi txiki jarri dituzte. Landareek ura erabat estali dute, eta ez dira gehiegi nabarmentzen, udalak azaldu duenez. Ur zikina araztegietako batetik pasatzen da lehenik, eta ondoren bestetik. Horrenbestez, ur zikinak bi tratamendu jasotzen ditu, eta landareriak eta faunak ur hori garbitzen dute. Uraren egoera aztertzen dute araztegietarako sarreretan eta irteeretan, eta bi hilean behin egiten ari diren neurketen arabera, %99ko errendimendua du ura garbitzeko fitoarazketa sistema horrek. Udalak azaldu duenez, efizientzia maila "handia" da hori.

Kimu Bat enpresak egin ditu fitoarazketa sistema ezartzeko lanok; izan ere, Azpeitiko enpresa duela bost urtetatik ari da sistema hori lantzen. Udalak jakinarazi duenez, Xoxoteko aterpetxeko ur putzu beltza zahartuta eta hondatuta zegoen, eta ingurune naturala eta babestua izanik, toki aproposa iruditu zaio erakundeari sistema probatzeko: "Iaz herriko enpresen egoera eta horiek esku artean zituzten proiektuak ezagutzeko aukera izan genuen. Bultzatu ahal genituen proiektuak ezagutu eta aztertu ditugu, eta horietako bat da Kimu Batek eskaintzen duena. Proiektuaren helburua gustatu egin zitzaigun, eta Xoxotek ezartzea aztertu genuen Lagun Onak Mendi Bazkunarekin hitz egin ostean", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Horrenbestez, sistemaren ezarpenarekin arazo bati irtenbidea emateaz gain, ingurune natural babestu batean sistema berri bat probatzeko aukera sortu dela azaldu du udalak.

Lagun Onak Mendi Bazkunak "gustura" hartu zuen proposamena. Hala esan du Aitor Unanue lehendakariak: "Proiektua azaldu orduko eman genion baiezkoa udalari. Xoxote bezalako ingurune batean ur zikinen arazoa modu natural batean tratatzea eredugarria iruditu zitzaigun, eta hala izatea espero dugu".

Ekintzaletasuna bultzatzea xede

Azpeitiko Udalak esan duenez, proiektu berritzaileak eta ekintzaileak bultzatzeko konpromisoa hartua du. Horregatik, fitoarazketa sistemaren proiektua sustatzea ekonomiari bultzada ematea da, Aitor Bereziartua zinegotziaren arabera. "Herriko enpresa ekintzaileek proiektu berritzaileak eta ekintzaileak bultzatzeko aukera izatea pozgarria da guretzat. Proiektu berritzaileek, gainera, enpresa dibertsifikaziorako aukerak eskaintzen dizkie askotan, eta horiek sustatuta, badakigu ekonomia bultzatzen dugula".